aurora gomez

"Katakumeen meme bat ikusteko ezin da inor urik gabe utzi"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko otsailaren 23a

Aurora Gomez Gasteizen izango da hilaren 26an. Argazkia: JORDI PASCUAL/EL CUGATENC

Industria teknologikoaren datuen zentroek eragiten dituzten kalteak aztertu ditu Aurora Gomez 'Tu nube seca mi río' ekimeneko bultzatzaileak. Zentro erraldoi hauek energia, ura eta lurraren kontsumitzaile itzelak dira, eta tokiko sare industrialarekin eta herriekin lehiatzen ari dira mundu osoan baliabideak eskuratzeko. 

Aurora Gomez Delgado (1983,  Ballesteros de Calatrava, Ciudad Real, Espainia) psikologo aditua da portaera digitaletan. Halaber, azpiegitura digitalen eta, zehazki, datu zentroen eraginekin kritikoa den Tu nube seca mi río ekimeneko kidea da. Berriki Oxfam Internacional erakundeak eskatutako txosten bat argitaratu du Gomezek, Aragoiko kasuan zentratuta, baina orohar datu zentroen inpaktuak aztertuz eta horien jabeek azpiegitura horiek instalatzeko eta herritarren onarpena lortzeko dituzten estrategiak azalduz. Araba Bizirik taldeak antolatutako hitzaldia eskainiko du Gomezek, otsailaren 26an, Gasteizko Zapateneon.

Beharrezkoa al da diskurtso kritikoa garatzea data centerren jardueraren aurrean?

Tekno optimismo estrukturala desmuntatu egin behar dugu, arrazismo estrukturala eta matxismo estrukturala desmuntatu behar izan dugun bezala, hau da, teknologia oro per se ona dela eta inpakturik ez duela pentsatzea ez da egiazkoa, eta gure pribilegiotik baino ez du hitz egiten.

Zer dela eta sortu zen Tu nube seca mi río?

Hainbat arlotako lagunak gara, teknologiarekin kritiko izaten urte asko daraman taldea. Softwarearen arloan lan gehiena egin dugu, baina baita eskubide digitalen arloan ere; une jakin batean Talavera de la Reinara datu zentro bat zetorrela entzuten hasi nintzen, eta astebeteko kanpainatxo bat egitea pentsatu nuen. Kanpainatxoa megakanpaina bihurtu da, eta hala segitzen du. Lehen urteetan bakarrik egon ginen, ez zegoen datu zentroetako inor; makroproiektuen inguruan mugimendu pila bat zegoen, berriztagarrien inguruan ere pila bat. Halere, berehala Ekologistak Martxan sartu zen, Aragoin ere No a los centros de datos taldea sortu zen, eta gizarte mugimenduen irakinaldia hasi zen. Oso interesgarria da datu zentroak gelditzea eta moteltzea lortzen ari direlako.

Zer da zehazki hipereskalako datu zentro bat?

Interneteko azpiegituraren parte dira datu zentroak, eta hiru funtzio dituzte: biltegiratzea, prozesatzea –hori da gakoa–, eta banaketa. Prozesatzeko gaitasun handiagoa behar denean, hipereskalako datu zentroez hitz egiten dugu, eta, funtsean, horiek komunean dute tamaina izugarria dutela prozesatzeko gaitasun handiagoa behar dutelako eskaera handiagoa delako, eta hain zuzen adimen artifizialari buruz ari gara, online jokalari anitzeko jokoei buruz eta streaming-ari buruz. Datu zentro handi horietan arazoa prozesatzea da. Hori ulertzeko oso analisi deigarria egin zuen ikertzaile batek: Tiger King seriea aztertu zuen, eta ikusi zuen AEBetan hamar eguneko ikustaldian Rwanda herrialde osoak urtebetean gastatzen duen adina energia gastatu zela hura prozesatzeko eta emititzeko. Hain azpiegitura handiak direnez, askoz energia gehiago gastatzen dute, eta sortzen duten beroa jaisteko, gainera, ura erabili behar dute. Datu zentro txikiek ez zuten urik erabiltzen; handiek, aldiz, ura erabiltzen dute hozteko. Gainera, oso konpainia gutxiren esku daude, eta arrisku demokratikoaz ere ari gara.

"Tokiko enpresaburuak izan beharko lirateke datu zentroen kontra dauden lehenak"

Nolanahi ere, datu zentro horiei eta digitalizazioari buruzko diskurtso nagusia da neutroak direla.

"Ni etxean nago, hatz batekin mugikorra erabiltzen, TikTok bideoak ikusten" esaten duenak, eta berarekin batera beste milioika lagunek, jakin beharko luke zer inplikatzen duten bere eguneroko ohiturek. Zerbait neutroa egiten ari direla uste dute, baina ez neutroa delako, ondorioak ikusten ez dituztelako baizik.

Zein dira datu zentro batek komunitatean dituen inpaktu nagusiak?

Adimen artifizialaren horniduraren kate batez ari gara, eta kate osoan daude inpaktuak. Horietako bat datu zentroak dira, eta datu zentroen eraginen artean lurraldearen gainekoa dago, hau da, galtzen den lur kantitate guztia eta galtzen den inguru naturala. Bestetik, uraren erabilerak inguruko komunitateetan duen eragina dugu; adibidez, urik gabe geratzen direla akuiferoak, desagertzen direla, ura kutsatuta agertzen dela,  edo ez dagoela urik gainerako industria, nekazari eta bestelakoentzat. Gainera, prozesu horretan guztian erabiltzen duten uraren zati bat lurrundu egiten da, eta beste zati bat ibaira itzultzen da, eta ur hori ez da %100 garbia. Produktu kimikoak sartzen dizkiote. Beraz, komunitateak kezkatuta daude PFAS motako substantzia kutsakorrak egon daitezkeelako.

Energiaren kontsumoan zer eragin dute?

Energia kontsumo erabat basatia dute hipereskalako zentro hauek. Horrek esan nahi du, adibidez, energia fosilak, energia zikinenak, alboratu zituzten herrialdeek berrartu beharko dituztela, edo zentral termikoak itxi zituzten lekuetan berriro irekiko dituztela, eta berriztagarriak dauden tokietan lur eremu izugarria okupatu beharko dutela datu zentroek behar duten energia kopurua sortzeko. Gainera, datu zentro horiek elektrizitate sarearen tentsioan pikoak eragiten dituzte, eta 50 kilometro baino gehiagoko itzulinguruan dagoen jendearen etxetresna elektrikoak izorratzen hasten dira, ez dakite zergatik baina udal igerilekua berogailurik gabe geratu da, ez dute ulertzen zergatik orain osasun zentroak ez duen aire giroturik... Bada, datu zentroek eragiten dituzten gaintentsio pikoengatik da. Hori, adibidez, San Mateo de Gallegon, Aragoin, gertatzen hasi da Amazoneko datu zentroarekin. Datu zentroek eragin zuzena dute herrien eguneroko bizitzan.

Arasur poligonoan Espainiako estatuko data center handiena eraikitzen ari dira. Argazkia: PHOT.OK

Hala ere, enpresa teknologikoek datu zentroak "berdeak" direla diote, energia %100 berriztagarria erabiltzen dutela eta ura kontsumitzen ez duen hozte-sistemak dituztela. 

Baliabide mugatuak dituen planeta mugatu batean bizi gara, baina gauza bat infinitua bada, enpresa kapitalistek itxurakeria berdea egiteko duten gaitasuna da. Kasu honetan, zero water bezalako gauzak asmatzen ari dira. Ez da egia. Egia balitz ez lirateke ezkutatzen ariko, adibidez, ur kontsumoaren zifrak, Amazonekin gertatu den bezala. The Guardianen duela gutxi artikulu bat argitaratu dute non ikusten den Amazonek ur kontsumoaren zifrak ezkutatzeko kontsigna bat eman zuela; Isabel O 'Brien-ek idatzitako beste artikulu batean ikusten da big tech guztiak  "kontabilitate sortzailea" egiten ari direla kontsumitzen duten energia eta ur kantitateari buruz. Hau da, gaur egun ikusten ari garen zifrak ez dira benetakoak, askoz okerragoak dira. Horregatik kazetariek galdetzen didatenean zein diren zifrak nik ere jakin nahi ditudala erantzuten diet.

"Adimen artifizial etikoa ez da existitzen; kontrakoa esaten duena zerbait saltzen ari da"

Ez al dago zifra horiek publiko egiteko betebeharrik?

Ez, ez dagoelako behartzen dituen legerik. Joan den urteko irailetik Europako efizientzia lege bat dago, datuak argitaratzea eskatzen hasi dena, baina zifra horiek ez dira esaten.
Egungo legedia ez al da nahikoa enpresa teknologiko handien jarduera kontrolatzeko?
Jakina ezetz! Kontua ez da nahikoa ez dela, baizik eta munduko teknologia enpresa handienek eta eragin handienekoek desarautzearekin jokatzen dutela, eta lobby lana egiten dute ingurumen legeak saihesteko eta kontsumitzen ari direnaren benetako zifrak ezkutatzeko. Paul Mazurrek The Guardian-entzat duela gutxi idatzitako artikulu bat dago Microsoften ur kontsumoari buruz hitz egiten duena, eta ikusten da ez direla gardenak izaten ari. Konstante bat da, ez dute zifrei buruz egia esaten, eta dakiguna da ondoan datu zentroak dituzten komunitateak zarata izugarria pairatzeaz gain, edateko urik gabe geratzen direla.

Zer eremutan kokatzen ari dira nagusiki datu zentro erraldoiak? Aztertu al da?

Erritmo ikusgarrian zabaltzen ari dira mundu osoan. Orain arte Ameriketako Estatu Batuetan aztertu da gehien hasieratik datu zentro handienak hor egon direlako, eta, gainera, kontzentrazioa handiagoa izan delako, eta adibidez, ikusi da oso joera handia dagoela auzo beltz edo latinoetan kokatzeko, betiere eremu pobreenetan, sakrifizio eremuetan. Espainian, denbora gutxian, eredu aldaketa bat egon da: Madrilen eta Bartzelonan kokatutako enpresen datu zentro txikietatik hipereskalako datu zentroen leherketa batera igaro dira, eta biztanle gutxiko landa eremuetan kokatzen ari dira, non lanpostuen sorreraren narratiba faltsuak pisu handia duen.

Sakrifizio eremuaz hitz egiten duzunean zer adierazi nahi duzu?

Aurrerapena deitzen dugun horren izenean, kalteak jasateko aukeratzen ditugunak dira sakrifizio eremuak. Meatze bat izan daiteke, zentral nuklear bat, fabrika ultrakutsatzaile batzuk… horiek guztiak sakrifizio eremu izendatu ditugun eremuetan jarriko ditugu. Hor bizi den jendeari begiratzeari utziko diogu, haien bizitzak ez zaizkigulako axola, haien ingurumena ez zaigulako axola eta haien etorkizuna ez zaigulako axola. Hori gizarte bezala egiten dugu, nahita, saiatzen gara horri ez begiratzen, eta hor kokatzen ditugu kapitalismoaren eragin kaltegarri guztiak.

Zer onura ekar diezaiekete datuen zentroek komunitateei?

Bat ere ez. Esan nahiko nuke onuraren bat dagoela, baina ez dago bat bera ere. Hau da, jendeak uste du, adibidez, datu zentroek lana emango dutela, XX. mendeko fabrika zaharren antza dutela uste dutelako, baina ez da horrela. Datu zentroak oso automatizatuak daude, eta ez dute enplegurik sortzen. Zergak ere ez dituzte ordaintzen. 

Enpresa teknologikoek ez dute zergarik ordaintzen?

Kontua da zenbait erkidegotan badaudela figura juridikoak esateko instalatuko den makroproiektu bat oso ona dela, interes orokorrekoa dela, enplegu handia ekarriko duela, eta inolako ingurumen inpakturik ez duela, eta horrenbestez alfonbra gorria jartzen diote. Interes orokorreko figura hori gakoa da enpresa teknologikoak sartzen ari diren erkidego guztietan, eta are gehiago, sartu aurretik legeria hori eskatzen dute. 

Abantaila fiskalaz ari zara hitz egiten?

Alfonbra gorriak batzuetan sinplifikazio administratiboak dira, tramitaziorako epe laburrak ezartzen dira, eta komunitateak ez du denborarik izaten alegazioak egiteko, ezta zer gertatu den jakiteko ere. Beste batzuetan zerga abantaila izugarriak daudenez, konpainiek ez dute zergarik ordaintzen. Izan daiteke ere ingurumen ebaluazioak egin behar ez diren eremuak izatea, edo partikularren lurrak desjabetzea, hau da, administrazio publikoak, duen indar guztiarekin, pertsona pobre bat desjabetzen du megakorporazio bati lurra oparitzeko. Erabateko bidegabekeria da. Ildo horretan, Aragoiko datu zentroei buruz egin dugun txostena aipatu dezakegu, baina AEBtako Good Job First erakundea ere aipatu dezakegu, big tech guztiek han zergarik ordaintzen ez dutela azaltzen duena. Gainera, beste joera bat dago: diru laguntza guztiak jasotzen dituzte eta inguruko enpresa txiki guztiak diru laguntzarik gabe geratzen dira. Eta, halaber, herritar xumeak jende horren azpiegiturak ordaindu behar ditu; izan ere, datu zentro batek ur eta argindar azpiegitura izugarriak behar ditu. Ba hori herritarrek ordaintzen dute.

"Zerbait infinitua bada, enpresa kapitalistek itxurakeria berdea egiteko duten gaitasuna da"

Beraz, zure ustez, lurraldearen sare industriala ere arriskuan jar dezakete zentro hauek?

Tu nube seca mi río abiatu genuenean, ezkerreko komunikabideek kasu egitea espero genuen eta ezustekoa izan zen ezetz, ezertarako ez. Are gehiago, gure irakurketa aintzat hartu zutenak hedabide ekonomikoak izan ziren, eta zehazki esan ziguten: "Esaten ari zaretena beste leku batzuetan ere ikusi dugu, nola industria sare osoa txikitzen duten". Badago funtsezko kontzeptu bat, gentrifikazio energetikoarena, konpainia horiek iristen direnean pilatzen dituzten baliabide guztiak, energia, ura, lurrak…. Energiaren inguruan adibide bat dago Norvegian, non TikTok datu zentro bat dagoen energia asko kontsumitzen duena, eta arma fabrika bat geldiaraztea eragin du Ukrainako gerra betean. Horregatik, niretzat, tokiko enpresaburuak izan beharko lirateke datu zentroen aurka dauden lehenak.

Hemen, inguruko industrialdeetan, Miranda Ebron kasu, ezin dira industria gehiago kokatu argindar faltagatik.

Oraintxe bertan botila-lepo energetikoa bilatzen baduzu, El Economistan argitaratutako artikulu ugari aurkituko dituzu, eta esaten dute Espainiako sare elektrikoa kolapsatu egin dela eta etxebizitzetarako, datu zentroetarako eta industriarako konexio eskaera berriak ezin direla onartu. Zergatik? Ba, adibidez, datu zentroen eskaerak izugarriak direlako. Madrilgo erkidegoak Virginiako estatuak (AEB) baino hiru aldiz interkonexio elektriko eskaera gehiago jaso ditu; eta Virginia Madril baino askoz handiagoa izateaz gain, munduko datu zentro gehien dituen gunea da. Gaur egun mundu osoan arazoak daude energiarekin: Londresen eraiki ezin diren auzoak daude, eta Holandan eraikita dauden eta funtzionatu ezin duten eskolak.

Maila ekonomikoan eta sozialean hain kaltegarria den industriari zergatik jartzen zaio alfonbra gorria?

Uste dut gaur egun munduan dagoen aktorerik indartsuena direlako. Ez dago sare sozialek adinako boterea duen industriarik. Oraintxe bertan Elon Muskek erabakitzen badu alkate bat berriro hautatua izango dela, nahiz eta kalean norbait hil, hala egingo du. Trumpen kasua ikusi besterik ez dugu egin behar. Trumpek esan zuen "berriro aukeratuko naute, nahiz eta nik norbait hil Bosgarren Etorbidean". Beno, bada, agerian geratu da funtsean horixe gertatzen ari dela Trumpekin, eta Trumpen inbestiduraren argazkian zeudenak tekno oligarka handi guztiak ziren: Jeff Bezos zegoen, Zuckerberg, Elon Musk... Denak zeuden. Bat bera ere ez zen falta.

Zer erregulazio mota behar da?

Denak. Hemen batzuek ezetz uste dute, enpresa teknologikoak ondo portatu daitezkeela, adimen artifizial etikoagoak egon daitezkeela. Ez, ez, hemen dena arautu behar da.

"Adimen artifizial ultraarautu bat egon behar da, beharrezkoak diren kasu txikietarako erabiltzeko"

Ezin da adimen artifizial etiko bat garatu?

Adimen artifizial etikoa ez da existitzen, adimen artifizial feminista ez da existitzen, adimen artifizial ekologista ez da existitzen, eta kontrakoa esaten ari dena zerbait saltzen saiatzen ari da. Bidezkoa den digitalizazioarekin bakarrik geratu behar gara. Pribilegiotik katakumeen meme bat ikusi ahal izateko ezin dugu norbait urik gabe utzi.

Ba al dago burbuila espekulatiborik AAren inguruan?

Agerikoa da, eta burbuilak eztanda egiten badu, 2008koa baino askoz okerragoa izango da, banku guztiek eta enpresa guztiek diru kopuru ikaragarria jarri dutelako datu zentro eta azpiegitura horietarako eta ezertarako balio ez duen teknologiarako.

Posible al da digitalizazioa bidezkoa izatea?

Bai. Zatirik errazena adimen artifiziala ez erabiltzea litzateke. Kito. Adimen artifizial ultraarautu bat egon behar da, eta beharrezkoak diren erabilera kasu txikietarako utziko dugu. Gainerako kasu guztietan ez dugu adimen artifiziala erabiliko. Goazen 2020ra edo 2021era, ez dago arazorik, ondo bizi ginen! Pentsatu behar dugu nabigatzen dugunean etengabe ari direla gure datuak xurgatzen, gure botoa aldatzeko edo zerbait saltzeko; pentsatu behar dugu hau kolonialismoa dela, kolonialismo digitala, eta ondorioz bidegabea da.

Zer urrats egin daitezke egoera iraultzeko?

Gauza subiranoagoak egin behar ditugu, txikiagoak. Teknologia ezinbestekoa denerako eta beharrezkoa denerako utziko dugu, hau da, telelana arazorik gabe egin ahal izateko, ospitaleak digitalizatuta egoteko, baina era berean zure ospitalean argia joaten bada arazorik gabe funtzionatu ahal izateko, hau da, erresilienteak izateko. Halaber, pentsatu behar dugu dauzkagun gailuak, katearen zati ere badirenak, luzakortasunaren parametropean diseinatu behar direla, zaharkitze programatuaren kontra, birziklagarriak edo konpongarriak izatea, eta, horretarako, legeak daude, aukerak daude. Funtsean, deshazkunde digitalaz ari gara, hori da hitz gakoa, hazkunde infinituaren ereduaren alternatiba. 

Erlazionatuak

Arasur Data Center, erraldoia etxean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute ots 23, 08:00 Añana   Erriberabeitia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago