Iñigo Urkullu lehendakariak, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiarekin batera, Merlinen datu zentroaren lehen harria jartzeko ekitaldian parte hartu zuen 2022ko uztailean. Arabako makrogunearen lehen fasea, zerbitzari eta zerbitzu digitalak hartzeko, 2024ko abendutik amaituta dute, gaur egun bigarren fasea prozesuan dago, eta urte amaierarako 118MW-rainoko gaitasuna izatea espero dute.
Ribabellosako makrogunea antzeko ezaugarriak dituen bakarra da erkidegoan. Gainerakoak ez dira 4 MW-tik gorakoak, eta, horietako askotan, Eusko Jaurlaritzak berak parte hartzen du. Nafarroan tamaina handiko datu zentrorik ez dago momentuz, baina dagoeneko bost proiektu aurkeztu dituzte enpresa teknologikoek.
Energiaren lehia
Proiektuaren kontsumo handiak tokiko azpiegitura elektrikoan duen eraginari buruzko eztabaida eragin du. Errendimendu osoan funtzionatuz, Arabako makrozentroak urtean 2.628 GWh-ko energia kontsumoa izango luke. Arabako argindar kontsumoa 3.000 GWh ingurukoa da urtean. Hau da, datu zentroak herrialdeko argindar kontsumoa ia bikoiztu egingo luke. Gainera, Solaria konpainia ere datu zentro teknologikoen negozioan sartu berri da eta 825 MW ezarri nahi ditu Euskal Erkidego Autonomoan datu zentroetan, gehienak Araban, parke fotovoltaikoak aprobetxatuz.
Miranda Ebroko Udalak, Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak eta CCOO sindikatuak kezka agertu dute Arasurreko makrozentroak ireki duen energia lortzeko lehiak zaildu egiten duelako industria berriak hiriko industrialdeetan kokatzea. "Arasurrek ere ez luke asko kontsumitu beharko, gune logistikoa delako, baina datu zentro baten baimenak eman dizkiote", kritikatu dute enpresariek.