Urriaren 12an Falangearen bisitaren harira egondako istiluetan Ertzaintzaren pilotakada batek matrailezurra hautsi ziola salatu zuen Aritz Ibarrak joan den astean, eta Ertzaintzak barne ikerketa bat abiatuko zuela iragarri zuen. Gaur Probintzia plazan egon dira hainbat polizia agente, ikerketa lanetan.
Sokaz inguratu dute plazaren zonalde bat goizean zehar, jendeari bidea moztuta, eta neurketak egiten aritu dira argitzeko ea agenteek protokoloa bete zuten haien jardunean zehar. Istiluen aurkako ekipamendua oker erabili ote zen ebatzi asmo du ikerketak, "ea barne aginduek ezarritakoaren araberakoa" izan zen.
Ibarrak berak zabaldu zuen salaketa sare sozialetan, eta zabaldutako bideoan ikusten da ustez ertzain baten pilotakada jasotzen duen unea, metro gutxira egindako tiro baten ondorioz. Ertzaintzaren kolpea salatzeko gazte gasteiztarrak aitortu du Falangearen aurkako istiluetan parte hartu zuela, eta ondorioz, bera ere auziperatu egin dute istiluekin lotuta.
Ertzaintzaren aurka
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Radio Popularren hitz egin du urriaren 12ko gertakarien inguruan, eta Falangeari aurre egitera joandako antifaxisten motibazioari buruz. Adierazi duenez, ez dauka "batere zalantzarik" bertaratu zirenen helburua Ertzaintza zela, ez Falangea. "Ia dibertigarria ere bada Falangearen elkarretaratzeari begiratzea, pisu gutxiko legezko alderdi bat dena, ez hitz egiteko indarkeria modu totalitarioan erabili zuten talde antisistema alegalei buruz".
Zupiriaren esanetan, istiluak ez ziren hasi Falangeak elkarretaratzea deitu zuelako, baizik eta beste talde batzuk haiengana joan zirelako "haiek jotzeko asmoz". EH Bildu eta Sumar alderdiak aipatu ditu sailburuak, talde antisistemak babesten dituztela esanez. EH Bilduren aurka jo du bereziki, esanez "40 urteko terrorismoaren ostean zuritze prozesu bat hasi dutela, EAJren antza izan nahian", baina ez diotela aurka egiten kaleetako "biolentzia totalitarioari".
Azaldu du Falangea legezko alderdia dela 1976tik, eta ordutik ez duela ez alderdi ez instituzio batek ere eskatu legez kanpo uztea. Aurtengo Hispanitatearen egunaren harira, Ramiro Gonzalez EAJko alderdikideak eskatu du Falangea debekatzeko, eta hala egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin taldeek ere, besteak beste. Zupiriak azaldu du Falangeak legezko antolakunde baten eskubide guztiak dituela, eta Segurtasun saila "ez dela nor arrazoi ideologikoen arabera jokatzeko".
Istiluen irudi berriak
ALEAk urriaren 12ko gertakarien bideo berri bat jaso du, Domingo Beltran kaleko gertakariak ikusten direna. Ertzaintza ikusten da aurpegia estalitako pertsona talde baten aurka oldartzen.