"Ertzaintzak hautatu zuen norekin lerrokatu"

Jon Hidalgo 2025eko urriaren 17a

Matrailezurra apurtu zioten Ibarrari pilotakada batez. Argazkia: ALEA

Urriaren 12an Falange Españolak Gasteiza egindako bisitak utzitako ondorioak agertzen doaz egunetik egunera. Hainbat zauritu larri eragin zituen Ertzaintzaren jardunak, horien artean Aritz Ibarra. Antifaxista gasteiztarrak berak sare sozialetan salatu du Ertzaintzaren pilotakada batek matrailezurra hautsi ziola Falangearen aurkako mobilizazioetan. 

Salaketa jarria du epaitegian Ibarrak, eta medikuz mediku dabil, ahoa osatzeko saiakeran. ALEArekin hitz egiteko tartea hartu du, gertatutakoa eta horren balorazioa zabaltzeko.

Zer moduz zaude?

Ongi. Behin sustoa pasata, beno, osasun aldetik apurka-apurka hobera egiten. Medikuak, dentistak gorabehera. Ikusten ea zer egin daitekeen aho honekin, eta gero bide judizialarekin apur bat urduri, zer etorriko den zain. Ikusiko dugu.

Irudietan ikusten da nola ertzain batek tiro egiten dizun, oso metro gutxira. Nolakoak izan ziren momentu horiek?

Gu bertara joan ginen Falangearen probokazioari aurre egitera. Euskal Herriaren zapalkuntzaren apologia egitera etorri ziren hona, argi eta garbi armatuta, eta iruditzen zait Ertzaintzaren konplizitatearekin erabat. Gu konfrontazio batean sartu ginen, eta Ertzaintza sartu zen tarteko. Ospa egitera joan nintzenean konturatu nintzen aurretik falangistak eta ertzainak genituela, gure aurka oldartuz, eta atzetik ertzain lerro bat, gure ihesaldia ixten. Segada bat izan zen, ez dakit egiazki zein zen horren asmoa. Saiatu nintzen zirrikitu batetik irteten, ertzainak aurrean nituela, tiroa entzun nuen, eta momentuan sentitu nuen ahoa lehertuta, nahastuta, odolez beteta. Ateratzea lortu nuen, eta ispilu batean nire burua ikustean hartu nion tamaina gertatutakoari. Irudi beldurgarria.

Jaso zenuen osasun arreta?

Bai, Txagorritxura joan nintzen eta oso ongi artatu ninduten, baina izututa gelditu ziren ikusitakoarekin, eta horrek ni ere izutu ninduen. Oso profesionalak izan ziren, gehienak euskaraz gainera, oso eroso sentiarazi ninduten. Egunean bertan josi zidaten muturra, eta hurrengo egunean ebakuntza egin zidaten, ahoa berriz kokatzeko, ahosabaia erori zitzaidalako. Hezur maxilarra apurtu zidaten, paletak eusten dituen zatia hondoratu zen, eta 24 orduz izan nituen paletak zintzilik, sentsazio nazkagarria. Ebakuntzarekin kokatu didate dena, eta inflamazioa jaistean ikusi beharko da nola gelditu den eta nola konpondu daitekeen.

"36ko gudari guztiak faxistak ziren arma berdinekin erantzun zietelako faxistei?"

Zerk eraman zintuen Falangeari aurre egitera?

Talde español horrek hemen ez dauka zereginik, denek dakigu haien asmoa probokazioa zela. Eta baimentzeaz gain, uzten diete aparkalekutik irteten kaskoz eta makilez armaturik? Ez dauka ez hanka ez bururik. Guk haiei aurre egin nahi genien, ez zaigulako zentzuzkoa iruditzen halako jendea Euskal Herrian egotea. Baina ez da bakarrik guri gertatu zitzaiguna. Gu haiei aurre egitera joan ginen, eta ulertzen dut egoera nahasiagoa izan daitekeela, baina herritar arruntak ere, kuxkuxeatzera gerturatu zirenak ere jo zituzten Falangekoek, kaskoz eta makilez armaturik. Gero Ertzaintza agertu zen eta jo zituen berriro ikustera gerturatu ziren auzokoak. Eta autokritikarik batere ez. Ikaragarria da ikustea poliziekin batera doazenak armatuta doazela, eta gu garela zigortuak eta jazarriak.

Zuk salaketa hau egiteko aurpegia eman behar izan duzu. Zer ondorio espero duzu?

Salaketa nola jarri bueltaka genbiltzala, abokatu batek esan zidan zoratuta nengoela, eta ez jartzeko salaketarik, halako kasuak beti artxibatu egiten direla, eta lortuko nuen bakarra zela ni auziperatzea. Gogorra izan zen entzutea. Baina gerora argi ikusi genuen salatu beharra zegoela, eta nik ez nuela ezer txarrik egin, ezkutuan eta lotsatuta ibiltzeko; beste batzuk dira lotsatu beharko liratekeenak. Beste abokatu batek bideragarria ikusi zuen, eta salaketa jarri genuen. Badakit ondorio larriak izan ditzakeela niretzat, eta ziur asko ez dela justiziarik egingo, inork ez duela erantzukizunik hartuko, ez Ertzaintzak ez arduradun politikoek, baina egin behar genuela sentitu genuen. Ikusiko ditugu ondorioak.

"Distantzia askoz luzeagoa izan behar da, eta gerritik behera egin behar dute tiro"

Ertzaintzak barne ikerketa abiatu duela esan du zure auzia argitzeko.

Gertatutakoa oso argia da. Nik ez dut ukatzen bertan egon nintzenik eta borrokan parte hartu nuenik. Harro nago. Nik jada pista guztiak eman ditut, eta Ertzaintzak lortu ditzake irudi gehiago. Benetan ikerketa egin nahi badute, lortu dezakete egia.

Oso metro gutxira egin zizuten tiro, aurpegira, haien protokoloan sartzen da hori?

Nik dakidala legez kanpokoa da. Distantzia askoz luzeagoa izan behar da, eta gerritik behera egin behar dute tiro. Kontua are larriagoa da, gainera, kontuan hartuta ez nindoala haien kontra, ihes egiten ari den pertsona bati egin diotela tiro, gertutik, aurpegira. Hori ezin da azaldu inola ere.

Askok esan dute Falangearen bisita ez zela inoiz gertatu behar. Nola ikusten duzu Falangearen legezkotasuna Espainiako Estatuan?

Españolek egiten dutena haiek ikusiko dute, baina Euskal Herrira ez lirateke etorri behar, ez lirateke legalak izan behar hemen. Ez dakit eskumenik dugun horretarako, baina ez badugu, ba beste arrazoi bat eskumen horiek lortzeko eta burujabe izateko. Hemen denok gaude Falangearen kontra, eta ez dugu baliabiderik halako talde bat galarazteko? Ez dut sinisten. Ez baldin badugu arazo handia dago hor, eduki beharko genituzke.

Karga sinboliko handia du Falangearen bisitak, agur naziak egiten eta.

Bai, baina nik Falangearengandik ez dut ezer espero, orduan ez dut inolako kolpe moralik jaso. Baina entzutea batzuk, antifaxistak direla diotenak, esaten faxismoari indarkeriaz erantzuten diona beraiek bezalakoa dela… orduan zer? 36ko gudari guztiak faxistak ziren arma berdinekin erantzun zietelako faxistei? Zer argudiaketa maila da hori? Batzuen erosotasun politikoa justifikatzeko erabiltzen dira horrelako argudioak.

"Eskumenik ez badugu Falangea debekatzeko, beste arrazoi bat burujabe izateko"

Beste hainbat pertsona ere zauritu ziren igandean, baduzu hitzik haientzat?

Animoak, eta salatzera animatu daitezela. Entzun dut bati sekulako zauria egin ziotela buruan, eta ez dela ausartu argazkia bidaltzera ere, horrek ekar diezaiokeenagatik, gero auzipetua izatea edo. Pena bat da. Animatuko nituzke zauritu guztiak salaketa egitera; publikoa, judiziala, dena delakoa, anonimoa bada ere. Ez daukat esperantza handirik, egiari zor, baina gauza hauek salatu behar dira. Ohitu gaituzte normala izan beharko ez litzatekeen errealitate batetara.

Zer balorazio egiten duzu Ertzaintzaren jokabideaz? Legezko bisita zenez Falangea babestu behar omen zuten.

Zentzugabekeria bat da. Bideoetan argi ikusten da gu Falangearen bila goazela, eta Falangea gure bila dator. Gu esku hutsik, haiek armatuta, eta Polizia sartzen da haiekin batera, haien artean, ez haiek kolpatzeko, baizik eta gu kolpatzeko, haiekin lerrokatuta. Bi talderen arteko borroka izan zen, eta Ertzaintzak hautatu zuen norekin lerrokatu. Kasu guztietan beraien jomuga berdina izatea, berdinak babestu eta berdinak kolpatzea, hor ideologia bat egon behar da atzetik, plan bat, hori ez da kasualitatea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago