Sumud flotilla aurrera. Sionismo criminal. Stop holocausto. Palestina aske leloa zeraman pankartarekin zabaldu dute baraualdian egon diren lagunek gaur eguerdian Gasteizen Palestinako herriaren alde egin den manifestazioa. Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herrian taldeak deitutako martxa jendetsuaren buruan Palestinako familiak izan dira, emakumeak eta umeak.
Manifestazioa 12:30ean atera da Artium plazatik eta hiriburuko kale nagusiak zeharkatu ditu Israelen kontrako boikota eta palestinarren aurkako genozidioa gelditzeko exijituz. Foru plazan amaitu da mobilizazioa. Bertan Palestina eta bereziki Gaza jasaten ari diren "holokausto egoera larriaren aurrean" neurriak exijitu dituzte. "XXI. mendean herri oso baten suntsiketa baimentzea hondamendia litzateke gizateriarentzat eta giza eskubideen amaierara eramango gintuzke".
Hartara, Europako gobernuei eskatu diete "Palestinako herria suntsitzeko lankidetzan aritzeari uzteko, eta sionismoarekin eta haren aldekoekin harreman guztiak eteteko". Ildo berean Eusko Jaurlaritzari ere galdegin diote Israelekin dituen harreman komertzialak, instituzionalak, eta bestelakoak moztea.
Halaber, Europako eta Euskal Herriko herritarrei dei bat egin diete: "Beldurra galdu eta gizarte zibil gisa gure gobernuen eta multinazionalen interesei aurre egin behar diegu", aldarrikatu dute.
Bestalde, munduko 44 herrialdetako pertsonak parte hartu duten Global Sumud ontzidiaren ekimenari babesa erakutsi diote manifestariek, eta hurrengo egunetan adi egoteko deia egin dute. "Palestinako egoera eta Global Sumud ontzidiak jasan ditzaketen eraso edo sabotajeak salatzeko datozen manifestazioei adi egoteko deia luzatzen dizuegu".