Israelek hildako 18.000 haur palestinarren izenak irakurtzen hasi dira

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 26a

Palestinarren genozidioa salatzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei baraualdian dauden lagunek. Goizean eta arratsaldean elkarretaratzeak egin dira Gasteizen.

Astelehenean Gasteiz Txiki auzo elkartean Palestinarekin elkartasunean hasitako gose grebarekin eta itxialdiarekin batera, Israelek hildako 18.000 haur palestinarren izenak irakurtzen hasi dira gaur Urrezko Zeledonen plazan. Irakurraldia ostiralera arte egingo dute, egunero 12:00etan, Gazarako Mugimendu Globalak antolatu dituen mobilizazioen baitan.

Arratsaldean, berriz, kontzentrazioa egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote "utz diezaiola Israelekin harreman komertzialak, instituzionalak eta bestelakoak edukitzeari".

Gure Haurrak ere Badira, Poetak Maiatzean eta Sanitarioak Palestinarekin taldeak ekintzetan parte hartzen ari direla azpimarratu du Gazarako Mugimendu Globalak, eta Gasteizko gainerako gizarte mugimenduei ere eskerrak eman die ekimena babesteagatik. Halaber, baraualdian parte hartzen ari diren lagunek dei egin diete herritarrei hurrengo egunetan programatutako mobilizazioetan parte hartzeko.

Palestinak oro har eta Gazak bereziki bizi duten egoera krudela salatu nahi dute, eta "Israel estatu sionistak Palestinan gauzatzen ari den holokaustoa amaitzeko" . Halaber, Gazaren legez kanpoko setioa amaitu dadila eta laguntza humanitarioa berehala sar dadila eskatzen dute, "inolako ordainik gabe". Era berean, Palestinak askatasunez estatu bat eratzeko duen eskubidea errespetatzea eskatzen dute, eta kanporatutako palestinarren itzulera eskubidea.

Arlo ekonomikoan, Euskal Herriko industriek, ekoizpen militarrekoak zein zibilekoak, Israelekin salerosketarik ez egitea exijitu dute. Halaber, "Kutxabank, BBVA, Santander eta antzeko bankuek Israeli mesede egiten dioten eragiketak finantzatzeari utz diezaioten eskatzen dugu".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago