Baraualdia hasi dute zazpi lagunek Gasteiz Txiki auzo elkartean, Global Sumud ontzidia babesteko asmoarekin eta Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Gaur goizean aurkeztu dute ostiralera arte luzatuko den baraualdia eta itxialdia eta baita astean zehar eginen dituzten mobilizazioak ere.
Gasteizko alde zaharreko Eskoriatza-Eskibel jauregiaren aurrean egin dute agerraldia dozenaka lagunek. "Euskal Herriak Palestinarekin duen konpromisoa ikusaraztea eta indarrak batzea" bilatzen dutela esan dute aktibistek, Global Sumud ontzidiaren irteerari begira. Azaldu dutenez, "ontzidi hori abuztuaren 31n abiatuko da Bartzelonatik, eta 44 herrialdetako pertsonak daramatzaten dozenaka itsasontzi Gazara hurbilduko gara itsasoz, Israelek egindako blokeoa hausten saiatzeko eta korridore humanitario bat irekitzeko, Palestinari laguntza emateko".
Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatu eta laguntza humanitarioa eramateko asmoarekin, mundu osoko dozenaka ontzi aldi berean itsasoratuko dira datozen egunetan zerrendara bidean. Esan bezala, Bartzelonako portutik abiatuko dira lehenak, eta bidean batuko zaizkie irailaren 4an Tunisiatik eta Mediterraneoko beste portu batzuetatik irtengo direnak. Global Sumud Flotilla osatuko dute denen artean, eta itsasoz blokeoa hautsi, eta laguntza eraman nahi dute zerrendara.
Ontziratuko diren lagunez gain –Euskal Herritik lau lagun joanen dira–, mugimendu asko ari dira ekimena babesten mundu osoan mobilizazioen bitartez, "eta laguntzen jarraituko dugu, bai mobilizazioekin, bai Israelen aurkako boikotarekin. Lehorrean zein itsasoan egongo gara, gure elkartasuna eta konpromisoa adieraziz Israelen kontrako boikota egiten, palestinar herriari laguntzeko eta blokeoa hausteko", esan dute.
Mobilizazioak Gasteizen
Asteon Arabako hiriburuan aurreikusitako mobilizazioen artean, Gazan hildako 18.000 haurren izenak irakurriko dituzte Urrezko Zeledonen plazan, asteartetik ostiralera bitartean, eguerdian eta arratsaldean antolatuko diren txandetan. Eusko Legebiltzarraren aurrean ere elkarretaratzea deitu dute astearte honetan, 18:00etan, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko Israelekin eta "sionismo kriminalarekin" duen harreman oro eten dezala.
Halaber, protesta ekintza egingo dute Alava Jeneralaren kaleko Carrefour supermerkatuaren aurrean, abuztuaren 27an, hark Israelekin duen harremana salatzeko; eta ostiralean 12:30ean manifestazioa egingo dute, Artiumetik abiatuta, genozidioa salatu eta Israelen aurkako boikota eskatzeko.