Nesken eta Blusen Batzordeak eta Federazioak itzultzeko kalejiran protesta egin dute jaietan izandako eraso matxistak arbuiatzeko. Hasierako deialdia kalejira abiatu aurretik deituta bazegoen ere, kuadrilla batzuek isilean egin dute ibilbide osoa.
Bi elkarteek bat egin dute ekimenarekin, baina nork bere aldetik egin du protesta. Errioxa kalean egin dute lehen elkarretaratze isila federazioko kideek, isilean baina sirenen hotsarekin. Ordu erdi geroago atera den batzordeko kalejiran kuadrilletako ordezkariek Ez badakizu egoten, ez etorri dioen pankarta eraman dute. Foru plazen parean irakurritako adierazpen batean "aski dela" esateko garaia dela berretsi dute, eta gogora ekarri dute matxismoaren aurkako borroka "guztion ardura" dela.
Bestetik, Gasteizko Mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du gaur 20:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.