Gasteizko Mugimendu Feministak salatu du jaietan "intentsitate altuko" bi eraso matxista gertatu direla. Fermin Mugurutzak ostegun gauean txosnetan eman duen kontzertuan egin dute salaketa publikoa, zenbait hedabidek esan eman informazioaren arabera. Erasoak arbuiatzeko, elkarretaratzea deitu dute larunbatean 20:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
Momentuz, bi eraso horien gaineko xehetasun gehiagorik ez dute eman, eta ALEAk ez du horren gaineko oharrik jaso informazio hau idazterakoan. Atzoko Udaltzaingoaren partean neska bati egindako sexu jazarpenaren berri eman zen, eta, modu berean, "etxeko indarkeria" gisa sailkatutako lesio baten gaineko salaketa jaso izan dutela aipatu du agiriak, baina horren gaineko informazio osagarririk eman gabe. Asteartean 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, hiru neskari sexu erasoa egitea egotzita.
Salaketak jasotzeko eta arreta emateko Mugimendu Feministak 747 414 834 telefonoa du martxan, eta Lumagorri elkarteak Ikusgune behatokiaren LGTBI+fobiaren aurkako telefonoa eskaini du: 633 309 653. Ohi bezala, erasoak salatzeko 900 840 111 eta 016 telefonoak ere daude aukeran.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.