Gasteizko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du bart gauean, indarkeria matxista kasu batekin lotuta. Sexu eraso baten ustezko egilea da 21 urteko gaztea, eta hiru neskak egindako salaketa baten harira atxilotu dute.
Goizeko 03:45ak aldera hiru neska Gurutze Gorriaren postu batera hurbildu dura, gizon batekin arazoak eduki izana salatzera. Gazteek kontatu dute ia gau osoan atzetik izan dutela gizona, jazartzen, eta ondorioz behin baino gehiagotan lekuz aldatu behar izan dutela, baina ez dutela lortu gizonak bakean uztea.
Gizona atzean uzteko saiakeretako batean emakumeentzako komun publiko batzuetara joan dira neskak, eta horietako bat barruan zegoen bitartean gizona barrura sartu dela salatu dute, neska erdi biluzik zegoen bitartean. Udaltzaingoak, emakumeen testigantza jaso ondoren, gizona atxilotu du handik gutxira.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.