Aurten ere txosnetatik kanpo utzi dituztela salatu dute MSko bi eragilek

Erredakzioa 2025eko uztailaren 11

Bilbon agerraldi bateratua egin zuten txosnetan sartu nahian dauden MSko eragileek. Argazkia: GKS

Gasteizko GKS eta Etxebizitza sindikatuak jakinarazi dute ez zaiola egoerari irtenbiderik eskaini, eta dirudienez "beste urte batez luzatuko dela".

"Beste urte batez GKS eta Etxebizitza Sindikatua Gasteizko txosnetatik kanpo utziko gaituzte". Hala salatu dute Mugimendu Sozialistako bi eragileek publiko egindako oharrean, eta nabarmendu dute ez zaiola egoerari irtenbiderik eskaini, nahiz eta "aurtengo urtea konponbidea lortzeko urtea zela zirudien".

"Sortu eta bere ingurua ordezkatzen duten eragileak" seinalatu dituzte beste behin, argudiatuz pisu nabarmena izan dutela blokeoa mantentzen. Jardun koordinadoraren ezezkoa ere azpimarratu dute, esanez Euskal Herriko beste hainbat espaziotan arazorik gabe aritzen direla elkarlanean.

Adierazi dutenez, aurten eragile gehiago batu dira irtenbidea emateko saiakerara, eta proposamen ezberdinak mahai gaineratu dituzte batzordean, baina ez da konponbiderik lortu. Egoera salatzen jarraituko dutela iragarri dute, eta haien aldarri eta egitarauek lekua izango dutela jaietan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago