Andre Maria Zuriaren jaiak hasteko hilabete baino gutxiago falta denean, Gasteizko Udalak bere egitarau osoa eman du jakitera. Maider Etxebarria alkateak eta Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak 400 ekitaldi baino gehiago izango dituen programa aurkeztu dute
Abuztuaren 4tik 9ra milaka pertsona ibiliko dira Gasteizen, eta errespetua eskatu du alkateak, bai bertakoei bai kanpotik etorriko direnei. Jaiaurreko egitaraua ere prestatu dute, uztailaren 31tik abuztuaren 3ra. Adin guztietarako ekitaldiak proposatu dituzte.
Kontzertuak eta kultur eskaintza
Foru plazako kontzertuak aurten Bulego, Rozalen, Isabel Aaiun, Mago de Oz eta Zea Mays izango dira. 2023an herritarrei egindako galdeketa izan dute oinarri horretarako, eta nabarmendu dute aurten, "Bulego eta Rozalen sartuta, dagoeneko ekarri direla kontsulta hartatik ateratako talde bozkatuenak".
Euskal kulturak txoko berezia izango du, beti bezala, Aihotz plazan. GEU elkartearen txosna paretik pasako dira, besteak beste, Gorka Urbizu, Korrontzi, Merina Gris, Izaki Gardenak edo Aldakan.
Falerina lorategian aurten bertako talde gazteez soilik osatutako egitaraua prestatu dute, Mirotz, Sutan klan, Broken salad eta The twin rebels taldeak arituko dira han oholtza gainean, besteak beste. Plaza Berria orkestra handien geltoki izango da beste urte batez, eta Prado parkea izango da umorearen erdigune.
Zeledonen jaitsiera ikusteko zozketa
Udalak 50 pase bikoitz zozkatuko ditu aurten, ehun pertsonak balkoitik ikusi ahal izan dezaten Zeledonen jaitsiera. Gaur bertan zabaldu da izena emateko epea, eta uztailaren 20a arte izango da zabalik.
Izena emateko, 010 edo 945 161 100 telefonoetara deitu daiteke, auto-tramitazio bulegoetan izena emanez egin edo webgunean inprimaki hau bete. Adinez nagusia izan beharra dago, eta izen emate bakarra onartuko da NAN zenbaki bakoitzeko. Uztailaren 23an egingo da zozketa eta jakinaraziko dituzte irabazleen izen abizenak.
