Gasteizko Mugimendu Sozialistako eragileek ez dute "proposamen errealik" ikusi batzordearen partetik, "blokeo egoerari" buelta emateko. Mobilizazioak iragarri dituzte ekainaren 13rako, Txosnak denontzat, irtenbidea orain! lelopean. GKSko Aroa Arrizubieta eta Etxebizitza Sindikatuko Ixone Santamariarekin hitz egin du ALEAk.
Aurten ere ez duzue txosnarik izango Gasteizen?
Ixone Santamaria: Ematen du ezetz. Bosgarren urtea da ezezkoa jasotzen duguna. Hala ere, uste dugu badagoela denbora, nahi izatekotan, egoerari buelta emateko, eta hemendik eta abuztura parte hartu ahal izateko bai Etxebizitza Sindikatuak eta bai GKSk. Uste dugu borondate kontua dela, beraz, oraindik tartea badago.
Ez uzteko arrazoien artean Txosna Batzordeak aipatzen zuen "etengabeko konfrontazio eta inposizio estrategia" dela zuena.
Aroa Arrizubieta: Konfrontazioari dagokionean, ulertzen dugu beraientzako konfrontazioa izan dela egoera bera salatzea. Guk hori ez dugu konfrontaziotzat hartzen. Uste dugu horrelako egoera baten aurrean aldarrikapenak zabaldu egin behar direla, eta publikoki salatzea ere momentuan egin beharrekoa izan dela. Ez bageunde kanporatuak ez genukeela beraiek konfrontazio deitzen dioten hori bilatuko. Bestetik, inposizio gutxi egin daiteke bertatik kanpo egonda, egia esan. Guk hasieratik esan dugu prest gaudela Txosna Batzordeak ezarrita dauzkan irizpideak betetzeko, eta horren baitan aurrera eramateko elkarlana.
Baina arrazoi hauek bazeuden lehen ezezkoaren atzean ere, ez soilik ezezkoaren ondoren konfrontazioa bilatu izana.
A.A.: Aurretiko konfrontazioa esango nuke, gehienbat, dauden ezberdintasun politikoengatik dela, eta ezin gara sartu egon den gatazka pertsonal bakoitzean. Hau ulertu behar dugu osotasun baten barruan. Izan ere, ulertu behar dugu bertan egon daitezkeela eragile ezberdinak, historikoki egon izan diren bezala, eta hortaz, denok izan behar dugula espazioa, nahiz eta iritzi politiko ezberdinak eduki.
Zuek elkarlanerako borondatea azaldu duzue. Ez litzatekeela arazorik egongo txosnetan bazeundete.
I.S.: Bai. Salaketa egin dugun urte bakoitzean, aldi berean eskua luzatu diogu Txosna Batzordeari zentzu horretan, elkarlanerako borondatea erakutsi dugu. Bai, batetik, behin txosnagunean parte hartuz gero arauak jarraitzeko, baina baita ere, aldez aurretik, urteetan luzatu den blokeo egoera honek eskatzen duen elkarrizketarako. Horretarako ere, noski, prest gaude.
Esan duzue azkenaldian elkarlanean zabiltzatela hainbat eragilerekin. Jarrera aldaketa baten ondorio da zuen aldetik?
A.A.: Ez nuke esango azken urteko zerbait denik. Urte dezente daramagu bai gazte asanblada, txosnagune eta dinamika ezberdinetan beste eragile batzuekin espazioa partekatzen, eta egia da geroz eta elkarlan handiagoa dagoela, bai borroka ekologistan, baita Palestinarekin Elkartasuna plataforman, elkarlan hori ematen ari da. Horrek harritzen gaitu bereziki, elkarlan horretan dagoen jendeak nola jar dezakeen aitzakia gisara elkarlana bera gauzatzeko ezintasuna, jada ematen ari den zerbait bada.
Aipatu duzue ezker abertzaleak "konpetentzia politiko" gisa hartzen zaituela, eta hortik datorrela betoaren arrazoia. Baina Txosna Batzordearen gehiengoa ez da ezker abertzalekoa.
I.S.: Gasteizen pisu handia du ezker abertzaleak batzordearen barruan, nahiz eta eragile guztiak ez sartu bere euritakoan. Pisu horrek eragin du, lehenengoz eskaera egin genuenetik, eroso sentitu izana ezker abertzalea difamazio kanpaina bat aurrera eramaten, eta baldintzak jartzen bazterketa hori posible egiteko. Horri jarraitu diote, zoritxarrez, beste eragile batzuek, eta guretzat horregatik da garrantzitsua berriz elkarlanerako borondatea berrestea. Hain zuzen ere, beste eragile horiek jarrera aldatu dezaten eta konpromisoa hartu dezaten blokeatuta dagoen egoera honi aterabidea bilatzeko.
Iaz Txosna Batzordetik proposatu zizueten urrian gatazka konpontzeko lanean hastea. Ez da hala izan
A.A.: Ez dugu uste hala izan denik, ikusita ekainean gaudela jada eta ez dugula Txosna Batzordearen proposamenik jaso. Esango nuke aurreko urtean guk jasotako babes sozialak eragin zuela hein batean urriko konpromiso hori hartzea. Gu azaroan harremanetan jarri ginen batzordearekin, gogorarazteko gai hau oraindik bertan zegoela. Ikusita ekainean gaudela eta oraindik ez dugula proposamen errealik jaso, ulertzen dugu ez dela benetan landu.
Iritzi publikoa zuen alde dagoela diozue.
A.A.: Bai. Urtez urte ikusi da nola geroz eta jende gehiagok altxatu duen ahotsa egoera hau salatzeko, edo parte hartzea aldarrikatzeko. Uste dugu horrek ere argi erakusten duela egoerari irtenbide bat eman behar diogula. Era berean, horrek erakusten du ez direla bi eragile soil kanpoan geratzen ari direnak, ehunka gasteiztar direla.
I.S.: Jende asko batu da bazterketa honen aurka, bai Gasteizen eta bai Euskal Herri mailan ere. Gasteizen duela bi urte herri mugimenduko eta Txosna Batzordeko eragileetako parte ziren norbanakoen babesa jaso genuen modu publikoan. Eta iaz ere, ehundik gora eragileren babesa jaso genuen, eta 150 kulturgilerena. Uste dugu horrek adierazten duela benetan larria dela gertatzen ari dena, eta txosnen izaera bera kolokan jartzen ari dela.
Zein ondorio ditu honek zuentzat?
A.A.: Txosnetan parte hartu ezin izateak helburu gisa eduki dezake, batetik, isolamendu soziala, guk ezin izatea islatu urtean zehar aurrera eramandako jarduna. Eta bestetik, ekonomikoki ito nahi izatea. Autofinantzaketa da guk daukagun dirua lortzeko modu bakarra, herri mugimenduko beste hainbat eragilek duten bezala. Hortaz, bi zentzu horietan esango nuke egiten duela kalte.
Aipatu duzue zuek kanpo uzteko erabakiak batzordearen pluraltasuna zalantzan jartzen duela. Nola ulertzen duzue pluraltasun hori? Mugak izan beharko lituzke?
I.S.: Haien burua definitzerakoan ere anitza eta zabala da Txosna Batzordea. Ondorioz, jardun politiko legitimoa duten bi eragile izanda, uste dugu bermea izan beharko genukeela hor egoteko, berdintasun egoeran. Gu baztertzeak kolokan jar dezake aniztasun hori. Historikoki txosnak beti izan dira espazio zabala, mota ezberdinetako eragile asko bildu direna. Eta hori da azken bost urteetan ukatzen ari dena. Espero dugu seigarren bat ez egotea. Mugak? Bai. Guretzat, noski, muga da jarrera edo proposamen erreakzionarioak dituzten eragileak Txosna Batzordearen edo jaigunearen parte ez izatea.