Mugarri berriak Umandiren 50. urteurrenean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko maiatzaren 31

Maribi Sanchez Umandiko gaurko zuzendaria eta Mila Arrizabalaga, 11 urtez zuzendaria izan dena, patioan. ESTITXU UGARTE.

Arriagako Haritza eskola sortu da Umandi ikastolaren eta auzo bereko Aita Orbiso eskolaren bi urteko gelaren fusioaren ondoren. Mugarri berri bat izango da bateratze prozesu hori Gasteizko euskalduntzean rol nabarmena izan duen eta berrogeita hamar urte bete dituen ikastola aitzindariarentzat.

Berrogeita hamar urte joan dira Gasteizko euskaltzale talde batek Umandi ikastola sortu zuenetik. Mende erdiko ibilbidean hainbat mugarri garrantzitsu igaro ditu Umandiko hezkuntza komunitateak: ikastolaren sorrera bera 1975ean, Jose Lejarreta kaleko txaletetatik Arriaga auzora mugitzea, B eredutik D eredura igarotzeko erabakia, eta kooperatiba izatetik ikastola publikoa izatera pasatzeko urratsa 1990eko hamarkadan.

Pedagogikoki berritzailea izan den, laikotasuna bere DNAn duen eta Gasteizko euskararen zabalpenari ekarpen nabarmena egin dion ikastola aitzindariari beste mugarri bat igarotzea egokitu zaio aurten: Aita Orbiso auzo bereko eskolarekin bat egitea. Maribi Sanchez ikastolako zuzendaria mintzo da: "Oso proiektu sendoa zegoen Umandin, orain balio ez duena; egokitu egin behar dugu, eta horretan ari gara, bi ikastetxeen arteko adostasuna bilatuz. Umandi definitzen zuten printzipioei eustea izango da gure helburua", azpimarratu du.

"Argi genuen ez genituela bi eskola fusionatuko okerrago egoteko". Maribi Sanchez, Umandiko zuzendaria

Umandi ikastolako gaurko zuzendariak eta azken hamaika urteetan zuzendaria izan den Mila Arrizabalagak, biek ala biek, bizi izan dituzte Hezkuntza sailak fusioaren planteamendua egin zuenetik ikastetxean izan diren buru-hauste, eztabaida, kezka eta baita haserreak ere. Arrizabalagak kontatu duenez, orain dela lau urte hasi ziren fusioarekin. "Orduan proba baloia bota ziguten, eta esan zuten: agian hurrengo urtean hasi beharko duzue pentsatzen elkartu behar zaretela auzoko beste eskolarekin". Azkenean, 2024ko urrian fusionatzeko erabakia mahai gainean jarri zien Hezkuntza Sailak, eta ordutik negoziatzen ibili dira. "Negoziatu duguna izan da aurrematrikula elkarrekin egitea eta bi urteko gelan eskola bakarra geratuko dela. Fusioa bi urteko gelan emango da, eta aurrerago joango da bestea egiten".

Bateratze mailakatu horren atzean pisuzko arrazoiak daudela esan du Sanchezek, eta azpimarratu du erabateko fusioa egiteko prestatu behar dela ikastola, denbora behar dutela. "Gaur egun oraindik ez gaude prest integrazio hori egiteko. Fusionatuko bagina bat-batean denok aterako ginateke galtzaile, baliabide guztiak galtzeko arriskua izango genuke. Hori oso argi esan genien negoziazioan, ez ditugu fusionatuko bi eskolak orain baino txarrago geratzeko. Bi aldeek lortutako gauza onak mantendu behar ditugu".

Gainera, hasiera batean familien artean haserrea eta ezinegona ere handiak zirela azaldu du Sanchezek, batik bat ez dutelako apenas parte hartzerik izan prozesuan, eta iritzirik ez zaielako eskatu. "Konplikatua izan da, baina jendea lasaiago dago orain, eta ikusten dutenean nola funtzionatzen dugun gehiago lasaituko dira".

Eskola desberdinak

Umandi ikastolak bostehun ikasle inguru ditu gaur egun. Berrehun bat ikasle ditu, berriz, Aita Orbiso eskolak. Biek D ereduan ematen dituzte eskolak, baina ikaslegoaren arteko desberdintasunak handiak direla azaldu du Sanchezek, eta orain arte egin den hezkuntza politika aipatu du. "Hain hurbil dauden eskolen artean gertatu dena da urteekin, hezkuntza politikaren ondorioz, A eredutik D eredura pasatu ziren eskola horiek jaso dituztela kanpotik etorri diren ikasle guztiak, eta ikastola izena edo D ereduan garatu diren zentro publikoetan bertako familiak daude gehiago. Oso ikasle diferenteak dira, oso familia diferenteak. Ezin duzu gauza bera egin guztiekin, nahiz eta denek D eredua izan".

Arriagako Haritza eskola izango da aurerrantzean Aita Orbiso eta Umandi ikastolaren artean osatuko duten proiektu komuna. Haur Hezkuntzan egin beharreko aldaketak ia-ia adostuta dauzkatela esan du zuzendariak, eta Eskola Kontseilua irailean osatuko dute. "Eredu horrek ere lagunduko du hurrengo ikasturteetan egin beharko diren aldaketak egiten", esan du Sanchezek.
Fusioa erabatekoa denean Umandi ikastolaren izena ere galduko da. Asparreneko Udalak Araian jaiotako euskal idazlearen izena mantentzeko eskatu du Hezkuntza sailaren aurrean, eta baita ikastolako zuzendaritzari bidalitako gutun batean ere. Alta, izen aldaketa bi zentroen arteko eztabaidaren ondoren etorri dela azpimarratu du Umandiko zuzendariak, adostasuna lortu ondoren, eta horri eutsi beharko zaiola uste du.

Bederatzi ume eta irakasle bat

Besteak beste, jaiotze tasaren beherakadagatik iritsi zaio Umandi ikastolari agur esateko ordua, baina berrogeita hamar urteko ibilbidea oso gogoan du bertako hezkuntza komunitateak. Jaiotzetik euskaraz egiten irakastea izan da Umandi ikastolaren helburu nagusia. Halaber, pedagogikoki berritzaileak ziren korronteak jarraitu izan ditu, eta publikoa izateko bokazioa zuen. "Laikotasuna ere bazen ezaugarri bat. Laikotasuna oraindik ere mantentzen dugu; gaur hemen ez da inongo erlijiorik ematen", azpimarratu du Arrizabalagak.

"Beste mugarri bat D ereduko institutu publikoa sortzea izan zen". Mila Arrizabalaga, Umandiko zuzendari ohia

Urte luzez zuzendari izan den irakasleak kontatu duenez, ikastolak 1975eko martxoan ireki zituen ateak bederatzi umerekin eta irakasle batekin, Lantzale euskaltzaleen taldeak bultzatuta. "Kontuan izanda frankismoaren azken urteak zirela, Gasteizen giro erdalduna zen nagusi eta euskara oso gune zehatzetan baino ez zen erabiltzen. Baina hainbat jendek bazuen gogoa euskara berpizteko edo euskararen inguruan zerbait egiteko, eta Lantzale taldea izan zen azkenean bultzada eman ziona ikastolari".

Lantzalek den-dena bilatu zuen: finantziazioa, egoteko tokia…, eta kooperatiba izaera eman zion ikastolari. "Hasierako urteetan finantziaziorako arazo mordoa zegoen, irakasleek ere kobratzeko zailtasunak zituzten. Lantzale taldekoak hilabetero-hilabetero kuota jartzen ibili ziren lehenengo urteetan ikastola mantentzeko, eta hori zen finantziazio iturri nagusia. Gurasoek ere kuota bat jartzen zuten kooperatiba izaera zuelako ikastolak".

Umandi sortu zenean, Olabide ikastolak hamarren bat urte zeramatzan lanean, eta erreferentea zen hiriburuan. Bestalde, 70eko hamarkadaren erdi aldera, diputazioak ikastola bat ireki zuen Gazalbide auzoan. Ondoren Durara eraman zuten, eta oraingo Ikasbidea ikastola da. Sasoi hartako beste ikastola batzuk, Umandi ikastolaren aldi berekoak, Ehari ikastola –orain, Barrutia–, edota Toki Eder dira.

Lehen gela Jose Lejarreta kaleko txalet batean izan zuen Umandik, ondoren Estibalizko Etorbidean beste gela bat ireki zuten, eta denbora gutxian hirugarren bat. 80ko hamarkadaren hasieran, berriz, Arriaga auzora aldatu zen ikastola; orain Aita Orbisok okupatzen duen eraikina utzi zien Gasteizko Udalak ikastetxe berria egiten zuen bitartean.

Kooperatiba izan zen 1993an Eusko Jaurlaritzaren esku gelditu zen arte. Urte hartan, Euskal Eskola Publikoaren Legea onartu zen, eta Umandi ikastola publiko bihurtu zen. Gorabehera handiak eta eztabaidak izan zirela gogoratu dute Arrizabalagak eta Sanchezek, baina azkenean publikora pasa eta ikastola izena mantentzea erabaki zuten. "Gero, beste mugarri bat izan zen, DBH ailegatu zenean, D ereduko institutu publiko bat sortzea Gasteizen, eta hor ere borroka handiak egon ziren".

Hasierako urte haietako ilusioa nabarmendu du Arrizabalagak mende erdiko errepasoan. "Elkarlana apartekoa zen, benetako komunitate txiki bat ginen. Irakasleen trinkotasunak ere ematen du hori. Nik, adibidez, 40 urte egin ditut hemen eta ni bezala beste hainbat irakaslek", azaldu du Arrizabalagak, eta orduko irakasleen inplikazioa ere aipatu du. "Denetarik egiten genuen: autobusak antolatu, kalefakzioa piztu, eta gauez ikastolako gurasoei euskarazko eskolak ematen genizkien". 

Ospakizuna
Ikastolaren mende erdiko ibilbidea ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte:

• Ekainak 1etik 14ra. Umandi ikastolari buruzko argazki erakusketa. Lakua-Arriagako gizarte etxean.
• Ekainak 6 Ignacio Aldekoa Kultur Etxean, 18:00etan, Beñat Fontanedak, Umandiko ibilbideari buruz egindako dokumentalaren aurkezpena. Sortzaileei omenaldia.
• Ekainak 12. Lakua-Arriagako gizarte etxeko aretoan, 18:00etan dokumentalaren emanaldia.
• Ekainak 14. Jaia Umandin.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago