2026ko irailerako San Ignacio ikastetxea eta Adurtza ikastolaren arteko fusioa egitea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, eta hautsak harrotu ditu bat egiteak bi ikastetxeetako hezkuntza komunitatean, eta bereziki familien elkarteetan. Izan ere, asteon bertan kontzentrazio bat egin dute ikastetxeen atarian, fusio prozesu horretan parte hartzeko eta iritzia emateko eskubidea aldarrikatzeko.
Olaitu eta Ikasberri guraso elkarteek fusioaren berri izan zutenetik prozesuan parte hartu eta beren ekarpenak egiteko jarrera adierazi dutela esan dute, "bai argitaratutako oharren bidez, zuzendaritzarekin izan ditugun bileretan eta antolatu ditugun familien asanbladetan". Guraso elkarteek elkarrekin hasitako bidea modu "oso positiboan" baloratzen dute, eta bide horretatik jarraitu nahi dutela esan dute, hemendik aurrera.
Bide batez, dituzten kezken berri eman dute. "Izan ere, bi ikastetxeen bat egite prozesua hasi zenetik, ezer gutxi aurreratu delakoan gaude. Kezkatuta gaude, eta horrelako egoera batek eskatzen duen seriotasuna eta konpromisoa beharrezkoak dira".
Hartara, Hezkuntza Sailari eskatu diote prozesua garatzeko behar diren irizpideak zehaztu ditzala, "horrekin kronograma bat eta plan bat garatu ahal izateko ikastetxeekin", esan dute. Ildo horretan uste dute Jaurlaritzak argitu beharra duela "erabakiak nork, non eta noiz hartuko diren, hezkuntza komunitatearen iritzia entzuteko guneak errespetatuko dituen, eta benetan zein baliabide jartzeko borondatea daukan".
Adurtza Ikastolak eta San Ignaciok bat egiteak eta ikastetxe eta proiektu berri bat sortzeak "hezkuntza komunitate osoaren" parte hartzea behar duela azpimarratu dute guraso elkarteek."Horregatik, ikasturtea bukatzen ari den honetan, gure eskua luzatzen dugu laguntzeko, baina egoerak ardura eta zehaztasunak eskatzen ditu; ezin da egoera gehiago luzatu".