Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute "aurten ere" ukatu dietela Gasteizko Txosnetan parte hartzeko aukera, hainbat hilabetez saiatu diren arren "egoera bideratzen, elkarrizketak bultzatzen eta irtenbide bat adosten". Bilboko Luberri konpartsarekin batera egin dute agerraldia Bilbon, han ere ukatu diotelako sarbidea Mugimendu Sozialistako eragileari.
Agerraldiaren hasieran bat egin dute jai herrikoiak eta txosnak defendatzeko beharrarekin, "instituzioek geroz eta traba gehiago jartzen dituzten honetan". MStik oztopoen aurka ekarpena egiten jarraitzeko prestutasuna adierazi dute. Hala ere, gaitzetsi dute txosnetatik kanpo utzi izana aipatutako bi eragileak.
Gogorarazi dute Txosna Batzordeak iazko jaien aurretik adierazi zuela urritik aurrera hasiko zirela lanean egoerari aterabidea emateko. Batzordeko eragileetako batek proposamen bat egin zuela aipatu dute, MSko bi eragile berriek txosna bakarra jarri eta hala elkarlana praktikan baloratu ahal izatea, baina gaitzetsi dute ez dela proposamen hori landu ezta bestelako alternatibarik eskaini.
Gehiengoa alde
Arrazoi politikoak daude erabakiaren atzean, GKS eta Etxebizitza Sindikatuaren esanetan. Sortu alderdiari leporatu diote haiekiko mesfidantza eragitea, eta argudiatu dute horren arrazoia dela MSa konpetentzia politiko gisa ikusten dutela. Hala ere, adierazi dute egun hainbat arlotan dabiltzala bestelako eragileekin elkarlanean, eta "errealitateak ukatzen duela" konfiantza faltaren ideia.
Adierazi dute haien ustez egoeraren berri duen jendearen gehiengoak gatazka konpontzea nahi duela, eta haiek "ere lekua izatea" txosnetan. Iaz 100 eragile eta 150 kulturgile baino gehiagok egindako adierazpena ekarri dute gogora. Gazte andana jai herrikoietatik kanpo uztea leporatu diete Bilbo eta Gasteizko batzordeei, eta haien pluraltasuna kolokan jarri dela salatu. Elkarrizketarako eta elkarlanerako prest agertu dira berriz ere.