Gasteizko txosnak arriskuan daudela ohartarazi dute jai herrikoien sustatzaileek

Erredakzioa 2025ko mai. 8a, 19:00

Herri jaien sustatzaileen agerraldia. Argazkia: GASTEIZKO TXOSNAK

Txosnak eta jai herrikoiak babesteko ekitaldia antolatu dute maiatzaren 31n, Bilboko Konpartsa eta Donostiako Piratekin batera.

Andra Maria Zuriaren jaietarako 88 egun falta direnean, Gasteizko Txosnek agerraldia egin dute Bilbon, Bilboko Konpartsen eta Donostiako Piraten ordezkariekin batera. Alarma mezua zabaldu dute, gaur egungo jaiak "desagertzeko arriskuan" daudela ohartarazteko. Salatu dutenez, "aisia merkantilizatuta" dagoen garaian, instituzioek eredu hori babestu beharrean lehentasuna ematen diete irabazi asmoa duten jarduerei.

Maite Aranaldek parte hartu du Gasteizko Txosnen izenean, Iker Martin (Bilboko Konpartsak) eta Joseba Cornagorekin (Donostiako Piratak) batera. Herri jaietako txosnak irabazi asmorik gabeko ekimenak direla nabarmendu dute, boluntarioek kudeatutakoak, eta "anomalia" dela haien izaera ez aitortzea, eta administrazioak ez izatea haien beharretara egokitutako esparrurik. "Oztopoen artean, tramite administratiboen zama, kostuen garestitzea, araudi murriztaileak eta espazio publikoa erabiltzeko trabak ditugu".

Haien esanetan, horrek denak arriskuan jarri du adierazpen kolektibo hauen etorkizuna, txosna eta jaiena. "Urtero antolatzen gara milaka eta milaka pertsona jai herrikoiak eduki ahal izateko gure herri eta auzoetan. Ahalegin hori da gure altxorra, interes ekonomikorik gabe antolatzea, herri moduan, herritarren onurarako. Posible dela frogatzen dugu urtero, eta horregatik sortu dira hainbeste oroitzapen eta emozio espazio hauetan".

Horregatik guztiagatik, ekitaldia antolatuko dute, maiatzaren 31n, Miribillan txosnen defentsan, eta hara bertaratzeko deia egin dute hiru hiriburu horietako jai herrikoien ordezkariek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago