Euskal Herriko 150 kulturgile ezagunetik gora bildu dira Gasteiz eta Bilboko txosnetan Mugimendu Sozialistako eragileekin izandako gatazkei irtenbidea eskatzeko. "Artistak betoen kontra" daudela adierazi dute sinatzaileek, eta jai herrikoietako parte hartzeak eskubide unibertsala izan behar duela aldarrikatu dute.
Gasteizko Txosnetan GKS eta Etxebizitza sindikatuak urteak daramatzate parte hartzeko baimena eskatzen eta "beto politikoa" salatzen. Txosna Batzordeak "elkarbizitza arazoak" aipatu zituen sarrera ukatzeko arrazoien artean. Bilbon ere antzeko egoera bat dago, salatu dutenez, Luberri konpartsak ez duelako jaso parte hartzeko baimenik. Testuinguru honetan kaleratu dute gutuna kulturgileek.
Josu Zabala, Patxi Ardanaz "Poio" eta Hedoi Etxartek aurkeztu dute testua, eta kezka adierazi dute Gasteiz eta Bilbon zenbait eragileri ezarri zaien debekuagatik. Azaldu dute jai herrikoiak "aniztasunarekiko errespetuz" eta "desadostasun ideologikoen gainetik" saiatzen direla jai giro alaia, parte hartzailea eta inklusiboa eraikitzen.
Artistok denontzako jai herrikoien alde lelopean, betoak atzera botatzeko eskatu dute eta adierazi haien esku dagoena egingo dutela aipatutako taldeek parte hartu dezaten hurrengo jai herrikoietan, "berdintasunean eta diskriminaziorik gabe" . Sinatzaileen artean daude Natxo de Felipe, Joseba Sarrionandia, Mireia Gabilondo, Bernardo Atxaga, Itziar Ituño, Karra Elejalde, Olaia Intziarte edo Antton Telleria, besteak beste.