Gasteizko Udalak martxan jarri duen gau aisialdiko eraso matxisten aurkako protokoloak ohorezko aipamena jaso du FEMP Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak antolatutako Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Tokiko Jardunbide Egokien IX. Lehiaketan. Hala, udalak berak zabaldu duenez, Gasteizek egindako lana baloratu du federazioak, eta 'Sareko lanaren eta koordinazioaren bidez erakundeek emandako erantzun onenaren' kategoriaren barruan aitortza egin diote.
Ana Lopez de Uralde Berdintasun zinegotziak Madrilen jaso du saria. Haren esanetan, "Guztion zeregina da portaera kaltegarriak geldiaraztea, pertsona guztiek gaueko aisialdiaz gozatzeko aukera izango dutela bermatzeko". Babestu du protokoloa "gizartea eraldatzeko eta aldatzeko tresna" dela. Hori izateaz gain, erantsi du "justizia feminista eta eraldatzailearen ideiak sustatzeko tresna kultural" ere badela.
Fase pilotuan parte hartu duten lokalak kudeatzen dituzten pertsonekin partekatu nahi duela esan du saria jaso eta gero, "bai eta dokumentua prestatzen lagundu dutenekin ere".