Bost eraso matxista salatu dituzte Gasteizen asteburuan

Erredakzioa 2025ko mar. 24a, 15:00

Martxoak 8ko manifestazioa, Gasteizen. Argazkia: ALEA

Emakumeak kolpatzeagatik atxilotu dituzte lau gizon, eta emakumezko bati sexu erasoa egiteagatik atzeman dute beste gizon bat.

Genero indarkeriarekin lotutako zenbait delitu leporatuta, bost gizon atxilotu ditu udaltzaingoak Gasteizen, larunbatean eta igandean.

Lehen atxiloketa Armentia auzoko etxebizitza batean jazo zen, larunbat goizaldean. Bertan, 37 urteko gizona atxilotu zuten, bikotekideari eraso egitea egotzita. Halaber,  24 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, larunbatean bertan, Koroatze auzoko lonja batean, seme-alaba adingabeen aurrean, bikoteari eraso egitea egotzita. Bestalde, 37 urteko gizon bat eta 34 urteko emakume bat atxilotu zituzten larunbat arratsaldean, elkarri eraso egitea egotzita. Genero indarkeria eta etxeko indarkeria delituak leporatu dizkiete, hurrenez hurren.

Sexu erasoa egiteagatik, berriz, 30 urteko gizon bat atxilotu zuen Poliziak larunbatean. Poliziaren patruila bat Arriagako Atea kaletik igaro zenean ostalaritza lokal bateko atezainak gelditzeko eskatu zion, gizon batek ukituak egin zizkiolako emakume bati, baimenik gabe. Biktimarekin eta ustezko erasotzailearekin eta lekuko batzuekin hitz egin ondoren, eta gertakariak baieztatu ondoren, udaltzainek gizona atxilotu zuten.

Igande goizaldean, halaber, udaltzainek 35 urteko gizon bat atxilotu zuten, genero indarkeriaren eremuan bikotekideari eraso egitea egotzita. 01:30 inguruan, 092 zenbakira deitu zuten gizon batek emakume bati kalean eraso ziola; eta alde egin zuela ohartarazteko. Poliziek ustezko erasotzailea aurkitu eta atxilotu zuten.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago