Gasteizen gaueko aisialdian eraso matxistei aurre egiteko protokoloa lantzeko prozesuan Genera elkartearengana jo du udalak. Elkarte horretako kide Abel Huetek (Bartzelona, 1992) horrelako prozesuetan "komunitatea inplikatzeko beharra" azpimarratu du.
Zergatik jo du udalak zuengana? Zer nolako eskarmentua duzue alor honetan?
Urte luzez mugimendu anarkista-feministan militatzen ibili gara, eta arlo sozialeko gure ibilbide profesionaletatik ere, bereziki indarkeria matxisten biktimekin lan egin dugu. 2017an Bartzelona hirian protokoloa garatu genuen, No callem (Ez gaitezen isil) izenarekin, gau aisialdian izaten diren sexu indarkeriei aurre egiteko.
Zergatik fokua gau aisialdian?
Duela hainbat urtetik, espazio hauetan jazotzen ari ziren egoerak ikusarazten hasi zirelako. Oro har, jendeak gau aisialdiko espazioei hasi zieten ohartarazten bertan indarkeriak gertatzen zirela, kontzeptu horren barruan espektro zabala dagoen arren. Bestetik, hainbat askatasunen topagunea da gaueko aisialdia. Askatasun eta genero sexualaz gain, baita aisialdiari sarbidea ere. Eta horri batzen zaio ere zenbait substantziaren kontsumoa. Hiru elementu hauek eragiten dute inguru hau berezia izatea. Horregatik, eta erabiltzaileen aldetik eskaerak agertzen hasi zirelako, egoera hauen aurrean espazio horietatik bertatik gutxieneko erantzun bat eman ahal izatea positiboa izango zela pentsatu genuen. Baina ulertu genuen ere normalean bertan lan egiten duten langileak ez daudela espezializatuta egoera hauetan laguntza emateko, eta uste genuen laguntza eman ahal geniela, bereziki protokolo honetarako arduradunaren rola jokatuko zutenei. Horrela egoera hauei erantzun egoki bat eman ahal izateko tresna izango genuen.
Espazioak, beraz, erdigunean...
Bai. Batzuetan proposatu da, adibidez, gau aisialdiko espazioetan psikologoak sartzea. Bada, hori baino lehen, uste dugu ona dela jakitea espazio hauei emantzipazioa eman ahal zaien, oinarrizko formazioa jaso eta egoera hauek artatu ahal izateko; lehen erantzun bat eman ahal izateko, eta, behar izanez gero, pertsona bidali ahal izateko beste hainbat baliabide dituzten lekuetara. Baina, batez ere, pertsona babestea, zer gertatu den entzutea, eta gutxienezko harrera emozionala eta informazioa eman ahal izatea.
Zenbaitetan, ñabardura asko izan ditzake kontu honek, bakoitzaren interpretazioaren arabera...
Hori da. Sexualitatea ñabardura asko duen eremu konplexua da. Sexualitatearen, gorputzaren, desioaren edota baimenaren beraren inguruan bizipen desberdinak daude. Beraz, kontu horiek guztiak nahasten direnean, komenigarria da bertan dauden pertsonek hori aintzat hartu ahal izateko gutxienezko formazio bat edukitzea. Protokoloan, kontzeptualizazio bat dago, eta adierazle batzuk ere, aukera ematen digutenak jakiteko ikusi duzunaren arriskua, larritasuna eta inpaktua oso denbora gutxian. Izan ere, azken finean, krisi baten egiten den esku hartzea baita. Zerbait gertatzen denean, noski, ezin daiteke egin artatze pertsonalizatu bat, hori ez baita pertsona horien lana, baina bai harrera egitea, egoerari eutsi ahal izatea eta informazioa ematea.
Nolakoa da lokaletako langileen ardura?
Espazio horietan bi multzo daude. Batetik, espazio bakoitzeko langile guztiak daude, eta horiek oinarrizko formazioa bat jasotzen dute, besteak beste, indarkerien inguruan hitz egiten denean zertaz ari garen jakiteko, protokoloaren perspektiba zein den —beste hainbat protokolotatik desberdina baita—, zer egin daitekeen egoerak detektatzeko eta, behar izanez gero, horiek bideratzeko. Bestetik, informazio zabalagoa jasotzen dute espazioko beste zenbait lagunek, horiek izango direlako, gero, egoera hori kudeatu beharko dutenak. Formazio honek baditu ere jokabide zehatzak, gertatu den egoeraren arabera jokatu ahal izateko, eta esku hartzeko oinarrizko teknika batzuk: nola artatu pertsona, eta nola lagundu ahal zaion.
Lehen sorospen bat bezala...
Hain justu. Larrialdiko esku hartze baten modukoa da, berehalako atentzioa eskatzen duen egoera baten aurrean. Eta gero, noski, eskura egon behar dira hirugarren sektoreko entitate batzuk, eta baita udal zerbitzu batzuk ere, pertsonak informazioa izan dezan, laguntza espazioren batera joan nahi izatekotan, edo, salaketa jarri nahi izanez gero ere, informazio hori izateko. Hau dena paperean ematen diogu, pertsona horrek hausnartu ahal izateko. Adibidez, bortxaketa bat gertatzekotan edo ukitu bat jasan izatekoan, noski, seguruenera mekanismo desberdinak abiatuko direlako, egoerak eskatzen duenaren arabera.
Horren arabera, Poliziari abisua eman ala ez erabaki ahalko da, ezta?
Bai. Gu saiatzen gara batez ere pertsona errespetatzen, eta ez interferitzen. Indarkerien bizipenak eta afekzioak oso desberdinak direlako. Prozesuaren parte bat baino ez da salaketa, baina ez da zertan parte bakarra izan. Informazioa eman behar zaio jendeari, eta, lehenik eta behin, lasaitasun eta euste espazio bat sortu behar da, bertatik ateratzen diren eskaerak ez daitezen bihurtu pertsonaren kontrakoak. Batzuetan, gauzak konpondu nahi ditugu presaka, espazio lasai bat sortu beharrean.
"GAU AISIALDIKO ESPAZIOEK INTERES ETA KONPROMISO HANDIA AGERTU DUTE PROZESUAN ZEHAR"
Zeintzuk dira formaziora joan direnek gehien agertu dituzten zalantza edo kezkak?
Batetik, agerikoak ez diren egoerak nola atzeman. Hain erraz kontzeptualizatu ezin diren egoerak, hain zuzen. Orokorrean, bortxaketa bat egonez gero, jende guztiak nahiko argi dauka zer egin behar den. Baina beste eskaera batzuk agertzen hasi dira, askotan berez sexu indarkeria ez direnak, baina protokolora gehitu ditugunak. Adibidez, sexu dibertsitatea duten lagunekiko diskriminazio egoerak komunetara sartzeko orduan. Edo ikusten duzunean mutil bat oso tematuta dagoela nahiko mozkortuta dagoen neska baten inguruan. Zalantzan has zaitezke. Aprobetxatzen ari al da? Egoera bakoitza kokatzeko, kontzeptualizazio zabala eraiki dugu. Bigarren kezka eskariaren handitzearen bidetik dator. Hau da, normalean, ezagutzen denean espazio bat atxikita dagoela hau bezalako protokolo bati, jendeak eskatzen ditu beste hainbat kontu. Ikusten dute eremu hori laguntza ematen duen espazio gisa, eta jende asko hurbiltzen da sexu bortizkeriari lotuta ez dauden beste arazo batzuen inguruan galdetzera; generoari eta sexualitateari buruzko galderak egitera, hain zuzen. Hirugarren bat ere badago: badira hainbat pertsona uneoro espazioari eskatzen diotenak espazio ziurra izateko. Baina ezin daiteke ziurtatu espazio bat %100ean ziurra izango dela. Ziurtatu ahal da espazio hori konprometitua dagoela sexu eta genero askatasunarekin, eta ezein momentutan norbaitek askatasun hori urratzen baldin badu, erantzun bat egongo dela.
Momentuz, Jimmy Jazz, Comarca, Gasteiz Bi, Carajo eta Glass batu dira protokolora. Gasteizen kasuan, nolakoa izan da prozesua?
Udalak hainbat espaziorekin kontaktuan jarri gaitu, eta lehen esplorazio prozesu bat egin dugu. Protokoloa landu aurretik diagnostiko bat egin dugu, eta elkarrizketak egin ditugu. Orokorrean, espazioek interes eta konpromiso handia agertu dute; aspalditik eskatzen ari ziren horrelako zerbait administrazioaren partetik. Oso ageriko eskaera zegoen: esaten ziguten egoera hauen guztien aurrean ez zekitela nola jokatu, eta marko baten beharra zutela. Prozesua oso atsegina izan da, partekatu dugulako udaleko berdintasun teknikarien, espazioen eta komunitatearen artean. Hori da, gure ikuspuntua; kausarekiko konpromisoa; horregatik beharrezkoa da komunitateko eragileekin ahalik eta adostuen izatea.
"BATZUETAN, GAUZAK KONPONDU NAHI DITUGU PRESAKA, ESPAZIO LASAI BAT SORTU BEHARREAN"
Bederatzi puntuko protokolo hori bada berez ikastaro txiki bat. Zer nabarmenduko zenuke?
Batez ere abiatzen gara hiru perspektiba handitatik. Lehena, genero eta sexu dibertsitatea: emakumeak dira indarkeria gehien jasaten dutenak gizonezkoen aldetik, baina protokoloa sexu indarkeria jaso ahal duten pertsona guztiei dagokie, tartean sexu dibertsitatea duten pertsonei. Bigarrena, intersekzionalitatea. Egoera bat ikustean, saiatzea ulertzen zer beste ardatz dauden: klase soziala, jatorria, egoera administratiboa... Hirugarrena, punitibismoari kritika. Saiatzen gara ulertarazten zenbait diskurtso hegemonikoren aldetik egiten diren erantzun asko ari direla zigor kodera mugatzen, edo Estatuaren Segurtasun Indar eta Kidegoetara jotzera. Hau egin daiteken gauzetako bat da, baino ezin gaitezke zigorretara mugatu.