Gasteizek San Martingo Etengabeko Arreta Gunea berreskuratuko du, bost urte baino gehiago itxita eman ostean. Otsail hasieran zabalduko dutela iragarri du gaur Alberto Martinezek, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.
Azken urteotan hainbat protesta egin dituzte Gasteizko herritar eta eragileek, Osasun Publikoa Aurrera plataformak esaterako, San Martingo EAG berriz zabaldu zezaten eskatzeko. Izan ere, egun Olagibel kaleko Etengabeko Arreta Gunea bakarrik dago martxan, eta hainbatetan salatu izan da San Martingo zentroa itxi zenetik ohikoak izan direla ilarak eta itxaron zerrendak Olagibelen.
Irailean EAG berria iragarri zuen Osakidetzak, baina Lakuabizkarra auzoan zabaltzekoak zirela esan zuten, data zehatzik zehaztu ez bazuten ere. Gaur, Alberto Martinezek ezerezean utzi ditu bere iraileko esanak, eta San Martingo zentroa berriz zabaltzeko hautua iragarri du. Beraz, 0tsailetik aurrera bi EAG izango dira zabalik Gasteizen.
Gaurko agerraldian, Lehen Arretaren Koordinazioko zuzendariordeak, Jorge Romeok, adierazi du lehengo "funtzionamendu bera" izango duela San Martingo EAGk, baldintza berdinetan egongo dela zabalik. Beraz, hau betetzekotan, asteburuetan emango du zerbitzua San Martingo zentroak, larunbat, igande eta jaiegunetan, 9:00etatik 24:00etara.