Gasteizen Etengabeko Arreta Gune berria izango dela aurreratu du Osasun sailburuak. Hala ere, azaldu du "giza baliabide nahikoak" egotekotan eraikiko dela, eta ez du datarik zehaztu. Beraz, ez da argitu Lakuabizkarran egin asmo duten EAG noizko egongo den erabilgarri, ez eta ziur egingo den ere.
Aspaldiko eskaera da EAG berriarena Gasteizen, egun, Olagibel kalekoa soilik baitago zabalik. 2019an San Martin auzoan zegoen beste EAG itxi egin zuten, eta ez dute berriro zabaldu. Olagibeleko zentroan ilarak eta itxaron zerrendak ohikoak izan dira ordutik, are gehiago Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzua itxi zutenetik, baina orain arte ez dute beste EAGrik iragarri.
Alberto Martinezen agerraldia legegintzaldi honetan hartutako konpromisoak eta lan lerro nagusiak azaltzeko izan da, eta ez du informazio gehiago eman Lakuabizkarrako zentro berriari buruz.