San Martingo Etengabeko Arreta Gunea irekitzeko eskatuko du Osasun Publikoa Aurrera plataformak

Erredakzioa 2024ko mai. 22a, 12:28

San Martingo EAGa zabaltzeko eskatzen egindako protesta. Argazkia: OPA

Elkarretaratzera deitu dute bihar, maiatzak 23, 18:30ean Olagibeleko EAGaren aurrean. Gehiegizko itxarote denborak eta zerbitzuaren prekarietatea salatu dituzte.

Lau urte dira San Martingo Etengabeko Arreta Gunea itxi zutela Gasteizen. Osasun Publikoa Aurrera herri plataformak protesta antolatu du beste behin ere, atzera ireki dadila eskatzeko eta osasun publikoaren egoera salatzeko. Kritikatu dute Gasteiz dela EAEko hiriburu bakarra EAG bat besterik ez duena eta, gainera, gaueko 12etan ixten dutela. Ohartarazi dutenez, Txagorritxuko larrialdiak eta Olagibeleko EAGan itxaronaldi luzeak jasan behar dituzte erabiltzaileek.

Elkarretaratzea antolatu dute ostegunean, maiatzaren 23an. Olagibeleko EAGaren aurrean bilduko dira 18:30ean. Askotan eskatu izan dute plataformatik San Martingo EAGa zabaltzeko, baina ez du eraginik izan. Orain, EAJ eta PSEri dei egin diete "hauteskundeetan hitz emandakoa bete dezatela".

Osasun Publikoa Aurrerak EAGetako asistentzia pribatizatzea leporatu diete Osakidetzako agintariei. Adierazi dute ez direla gai kalitatezko osasun zerbitzu egokia emateko. Azken urteetako larrialdi zerbitzuen eredua kritikatu dute herri plataformatik.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago