Gasteizko Udaltzaingoak atzo bertan, asteazkenez, erabaki zuen gaur arretazko greba abiatzea, SIPLA eta CCOO sindikatuek deitutako batzarrean. Beraz, ostegun honetatik aurrera isun kopurua igotzea espero da, aurrekoetan bezala, arau-hauste txikienak ere zigortzean datzalako udaltzainen grebak. Hasi dira jadanik gaur goizean eskolen inguruan bigarren ilaran aparkatutako autoei isunak jartzen.
Langile falta salatu dute udaltzainek, eta ohartarazi dute zerbitzu batzuk ixtea edo modu egokian eman ezin izatea ekarri duela gabezia horrek. Lanerako baliabide gehiago ere eskatu dituzte, eta soldata igoera.
Gasteizko Udaltzaingoaren 387 langileetatik 150 inguruk hartu zuten parte asteazkeneko batzarrean, eta gehiengoz erabaki zuten arretazko grebari ekitea, "araudia aplikatzea" zehatzago esanda. Mobilizazioak egiteari buruz ere eman zuten boza, baina babes gutxiago jaso zuen proposamenak, 150etik 81ek soilik egin zuten horren alde.
Sei urte dira Gasteizko Udaltzaingoak ez duela arretazko grebarik egiten. 2017 amaieran eta 2018 hasieran egin zuten azkena, lan-hitzarmena eta agente gehiago eskatuz. Aurtengoa Segurtasun zinegotziaren aldaketatik gutxira heldu da, Cesar Fernandez de Landak hartu berri baitu kargua, Iñaki Gurtubaik utzi ostean. Euskara, Berdintasun eta Gobernantza sailaren ardura hartu du Gurtubaik, Jone Berriozabalen ordez.
Udaltzainen eskaerak
Agente gehiago eskatu dituzte udaltzainek, eta argudiatu dute ezin dutela behar bezala bete haien lana, langile faltaren ondorioz. Ohikoa omen da agenteek arretarik ez ematea salaketa bat jartzera hitzordurik gabe hurbiltzen direnei, eta horietako batzuk Ertzaintzara bideratu omen dituzte. Gauez salaketak jasotzeko zerbitzua itxita dagoela salatu du SIPLA sindikatuak, eta aurrez hartutako hitzorduak bertan behera utzi behar izan dituzte, agente faltagatik.