Gasteizko udaltzainek urriaren 31n lana zorrotz egiteko greba hasi zutela zabaldu dute hainbat hedabidek. Egia da azken egunetan ohikoak diren baino isun gehiago jarri dituztela. Auto-gidarien eta moto-gidarien portaera desegokiak ez ezik, txirrindularienak eta oinezkoenak ere zorrotz begiratzen ari dira, eta, urraketaren bat atzemanez gero, txikiena izanda ere, zigortu egiten dute.
2006. urtetik lan hitzarmenik gabe lanean ari direla salatu dute udaltzainek, eta gainera, langile gehiago behar direla adierazi dute. Iragan astean iragarri zuten zerbitzuak modu boluntarioan indartzeari uko egingo diotela.
Zeresan handia ematen ari da Udaltzaingoaren jarrera herritarren artean, kaleetan eta sare sozialetan. Atzo gauean, esate baterako, Mercedes-Benz enpresako dozenaka langilek isunak aurkitu zituzten beren autoetan, gaizki aparkatzeagatik. Normalean toki horietan aparkatzea onartzen dute udaltzainek. Bestalde, zenbait oinezkok salatu dute semaforo gorria dagoenean kalea zeharkatzeagatik zigortu dituztela.
Gasteizko Udalak, oraingoz, ez du horren inguruko baloraziorik egin, eta esan du udaltzainek ez dutela greba deitzeko jakinarazpen ofizialik egin. Udal gobernuaren jarrera kritikatu du PPk, eta udaltzainak "botata" daudela adierazi du. Bestalde, Martin Gartziandia Gasteizko sindikoak proposatu du jarritako isunak ez tramitatzea, Udaltzaingoaren arretazko greba dagoela egiaztatzen baldin bada. Halaber, isunak errekurritzeko deia egin du.