Iñaki Gurtubai aukeratu dute Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatu berria, Jone Berriozabalek Araba Buru Batzarra zuzendu ahal izateko utzi duen kargua hartuz. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak gaur goizean eman du aukeraketaren berri, eta datozen egunetan kargua hartuko duela aurreratu du.
Orain arte Gasteizko Udaleko hirugarren alkateorde eta Segurtasuneko zinegotzi delegatu aritu da Gurtubai. Diputazioak ohar batean gogora ekarri duenez, Gurtubai abokatua da lanbidez, baina "mende laurdena" darama lanean administrazioan. Jaurlaritzan, Gasteizko Udalean zein Aldundian aritu izan da urte hauetan guztietan, eta orain bueltatu da foru erakundera.
Ohi bezala, Gonzalez agerraldiaz baliatu da aulki aldaketaren bi protagonisten lana goraipatzeko. Berriozabali buruz esan du "profesionaltasuna eta ardura" erakutsi dituela karguan. Dioenez, "lan ona eta dedikazioa" erakutsi ditu "planteatu zaizkion erronka eta zailtasunen aurrean". Gurtubairi dagokionez, arlo instituzionalean duen "esperientzia zabala" da bere "bermea". Ziurtatu du orain arte udalean bete izandako hainbat ardura oso lotuta daudela orain Araba osorako izango dituen erantzukizunekin. Euskara eta suhiltzaileak aipatu ditu. "Hemendik aurrera, aukera izango du foru erantzukizun berrian bere lana garatzeko eta bere esperientzia ematen jarraitzeko", nabarmendu du.