Gasteizko Txosnetako ordezkariek agerraldia egin dute gaur Arabako Foru Aldundiaren aurrean, salatzeko Aldundiak Ticket Bai sistema ezartzera derrigortu nahi dituela. "Txosnagunea arriskuan" dagoela ohartarazi dute, eta "egoera hau aldatu ezean", aurten ezingo dutela txosnarik jarri Gasteizko jaietan. "Ez gara enpresak, herri mugimendua gara" leloarekin adierazi dute haiena irabazi asmorik gabeko jarduna dela, eta erakunde publikoei eskatu diete arduraz jokatu dezatela; ez dezatela oztoporik jarri "jai parte hartzaile eta herrikoiak modu autogestionatuan" garatzeko. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, bere aldetik, esan du txosnak beste edozein negozio bezalakoak direla.
Txosna Batzordetik gogorarazi dute ehunka pertsonaren borondatezko lanari esker ateratzen direla txosnak aurrera, "eredu herrikoi, kolektibo eta soziala" dela haiena. "Bidegabekeria eta arduragabekeria" gisa hartu dute irabazi asmoa duten enpresa pribatuekin parekatu izana, eta salatu jai herrikoiak kolokan jar ditzakeela Aldundiaren erabakiak.
43 urtez egon dira martxan Gasteizko Txosnak, eta aurten ere jaietako kultur eskaintza guztiaren zati handia haiek antolatu dute, txosnagunean. Dozenaka kontzertu eta bestelako ekimenak prestatu dituzte abuztuaren 3tik 9ra. "Ezingo genituzke Gasteizko jaiak txosna gabe ulertu", adierazi dute batzordeko kideek.
Borondatezko lanez eraikitako jai herrikoiak
Jai herrikoiak eta txosnak "babestu beharreko jai eredua" direla adierazi dute agerraldian, eta ezin dutela ulertu erakunde publikoek trabak jartzea txosnen jardunari. Zerga normalizazioa eta iruzurraren aurkako lana "aitzakia gisa" erabili izana leporatu diote Aldundiari. Borondatezko lanak txosnetan daukan garrantzia goraipatu nahi izan dute, izan "egitaraua antolatzen, protokolo feminista lantzen eta kudeatzen, muntaketa eta desmuntaketan, barra edota zaintza txandetan", besteak beste.
Txosna Batzordeko kideek azaldu dutenez, Gasteizko jaietako beste espazio batzuetan ez dute Ticket Bai ezartzea eskatu. Haiek horretara behartzea "neurri ideologikoa izateak kezkatzen" dituela adierazi dute. Borondate politikoa eskatu diote Aldundiari.
Aldundiak dio derrigorrezkoa dela
Astearte honetan Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak esan du Ticket Bai sistema ezartzea derrigorrezkoa dela, "salbuetsita daudela frogatzen ez badute". "Ez dago ezberdintasunik txosnen eta beste edozein negozioren aldean", adierazi du Gonzalezek.
Salbuespen hori "zergadun bakoitzak" argudiatu behar duela gaineratu du, ez doala jarduerari berari lotuta. Arauak aintzat hartzen du balizko egoera batzuetan Ticket Baietik kanpo gelditzea. Ahaldun nagusiaren esanetan, Txosnek Ogasunari eskatu beharko liokete salbuespena, "horretarako baldintzak dituztela uste badute".
Ez da Arabako kontua soilik
Donostian, Bilbon eta beste herri batzuetan ere ezarri nahi dute Ticket Bai sistema, baina epeak ezberdinak izango dira leku bakoitzean. Bizkaian, adibidez, datozen urteetan ezarriko omen da, baina Bilboko Konpartsek jada egin dute agerraldi bat, maiatzean, esanez Ticket Baiak kolokan jarriko duela haien bideragarritasuna.
Gasteizko Txosnek egin bezala, Bilbon ere argudiatu dute irabazi asmorik gabeko taldeak direla, eta ezin dituztela hartu enpresak balira bezala. "Asumitu ezin dugun sistema burokratiko batekin ito nahi gaituzte", salatu dute konpartsek. Era berean, adierazi zuten iruzurraren aurkako lana ezin dela "aitzakia izan jai herrikoien aurka egiteko".