Gasteizen bezala, gainerako herrietan ere jaiak finantzatzeko eta ekitaldiak antolatzeko txosnak antolatzen dituzten kolektiboei Ticket Bai sistema ezartzeko betebeharra ezarri die Arabako Diputazioak. Oiongo Gazteak Somos Todos taldeak komunikatu batean azaldu duenez, azkenean, abuztuko jaietan txosna jartzea erabaki dute, Ticket Bai gorabehera.
Komunikatu batean zabaldu dutenez, Ticket Baia ezartzea erabaki dute, eta bere gain hartuko dute sistema ezartzeko kudeaketa eta aholkularitza gastu guztiak. "Arabako Foru Aldundiak txosnari buruz ezarritako legea indarrean dago eta zuzenean eragiten digu. Horrek esan nahi du jarduera ekonomikotik eratorritako etekinak nahitaez ordaindu beharko zaizkiola Ogasunari. Arau hori ez betetzeak 20.000 euroko gutxieneko isun ekonomikoa dakar, eta elkarteak ezin du bere gain hartu", azaldu dute.
Egoera berriaren aurrean izan duten herritarren babesa azpimarratu du Oiongo Gazteak taldeak. Aldiz, Oiongo Udalaren laguntza eta babes falta salatu dute. "Gazteengana zein elkartearekin zerikusia duten pertsona guztiengana jotzen dugu, beharrezkoa ikusten dugulako gogoratzea guztiok garela Oiongo Gazteak eta, horregatik, herriaren laguntza eskatzen dugu urte osoan zehar egiten diren ekintzetan".