Andre Maria Zuriaren jaietarako atzera kontua hasi da, eta gutxinaka badoa jai egitaraua aletzen. Nobedadeen artean, Aihotz plazak izan ohi duen hitzordu garrantzitsu batek lekualdaketa izango du, ALEAk jakin duenez, eta Alde Zaharreko beste aldera igaroko dira dantza plaza saioak.
Udal Folklore Akademiako gaita-jotzaileen eskutik jai egunetan, 19:30ean, izan ohi diren larrain dantza eta txulalai, aurrerantzean, Santa Maria plazak hartuko ditu. Dantza plaza saioetan bildutako jendetza ezin harturik izan da Aihotz plaza azken urteetan, txiki geratu da, eta katedral zaharraren ondoko plazara mugitu du Gasteizko Udalak. Dantzekin batera, Udal Folklore Akademiako arratsaldeko kontzertuak ere bertan izango dira. Orain arte Aihotz plazan izan diren gainontzeko ekitaldi eta kontzertuak, berriz, Aihotz plazan mantenduko dira.