Bigantxak egongo dira Gasteizko jaietan, ganadutegiak berak kudeatuta

Erredakzioa 2024ko ekainaren 25a

Bigantxa blusa bat harrapatzen Gasteizen, 60ko hamarkadan. Argazkia: AFAren artxiboa

Marques de Saka ganadutegiak antolatuko du bigantxen ikuskizuna, Disport Eki enpresak kudeaketari uko egin ondoren. Blusen Egunean eta abuztuaren 5etik 9ra izango dira bigantxak Iradier Arenan.

Bigantxen ikuskizuna izango da 2024ko Gasteizko jaietan. Udalak Marques de Saka ganadutegi gipuzkoarrari esleitu dio ikuskizunaren kudeaketa guztia. Aurreko urteetan Disport Eki enpresak antolatu izan du ikuskizuna, eta Marques de Saka ganadutegia azpikontratatzen zuen bigantxak ekartzeko. Orain, bitartekaria kendu eta ganadutegiari eskaini dio lana zuzenean.

Disport Eki enpresak uko egin zion ikuskizuna kudeatzeari, finantza arazoak argudiatuta. Hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zen enpresa maiatzean, hilabete luzez aritu ostean langileen soldatak atzerapenez ordaintzen, beste hainbat arazo ekonomikoren artean.

Bigantxen ikuskizunak ez du kosturik izango udalarentzat, sarrerak salduz finantzatuko baita. Aurten ganadutegiak hartu beharko ditu bere gain lehenago Disport Eki enpresak egiten zituen lanak, kudeaketa administratiboak eta jardueraren ekoizpen lanak. Iradier Arenak ez dauka langilerik, eta Marques de Sakak antolatu beharko ditu beharrezko ekintza guztiak, garbiketa, sarreren salmenta eta ate irekiera, esaterako.

Elkarrekin udal taldeak eskatu zuen bigantxen ikuskizuna bertan behera uzteko, argudiatuta momentu egokia zela ez zegoelako enpresa arduradunik. Hala ere, udalak borondatea adierazi zuen bigantxak mantentzeko, eta hala izan da azkenean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago