Gasteizko Udalak adierazi du aurtengo jaietan bigantxak egongo direla, nahiz eta Disport Eki enpresak uko egin dion jarduera horrekin zuen lana betetzeari. Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak jakinarazi du udala lanean dabilela kontratu berri bat esleitzeko beste enpresaren bati, "kultura sailaren asmoa bigantxak egotea da". Diario de Noticiasen arabera, iaz 13.000 sarrera baino gehiago saldu ziren ekitaldi hauetarako.
Disport Eki enpresak uko egin dio bigantxak antolatzeko zeukan kontratuari, finantza arazoak argudiatuta. Izan ere, joan den astean sartu zen hartzekodunen aurrekonkurtsoan, eta adierazi du "ez dela zuhurra ikuskizun hain ospetsua" egiteko konpromisoa hartzea, egoera kontuan hartuta. Uko honek udala behartu du berriz ateratzera bigantxez arduratzeko kontratuaren lizitazioa, baina epe estuagoekin. Udalak berak esan du azken urteetan Disport Eki izan dela lehiaketara aurkeztu den enpresa bakarra.
Hutsune honen aurrean, Elkarrekin udal taldeak eskatu du bigantxak ateratzeko jaien egitarautik, eta ordezkatu dadila "animalien ongizatea" bermatuko duen beste jardueraren batekin. Adierazi dute "momentu ona" dela pausoa emateko, eta Gasteizko biztanleriak normaltasunez onartuko duela, "errotuta zeuden beste ikuskizun batzuekin gertatu den bezala". Asto lasterketa aipatu dute adibide gisa, eta esan dute "arrakastaz ordezkatu zela" barrika lasterketarekin.