Disport Eki enpresa hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu da

Erredakzioa 2024ko mai. 22a, 18:56

2023an Disport Ekiren aurka egindako manifestazioa. Argazkia: ELA

Hilabeteetako gatazka izan du langileekin, ordainketetan irregulartasunak egon direlako. Enpresa egoera bideratzen saiatzen den bitartean langileen nominek lehentasuna izango dute.

 

Asteartean jakinarazi zien langileei Disport Eki enpresak hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zela. "Egoera ekonomiko zaila" argudiatuta hartu du erabakia Gasteizko kirol zerbitzu batzuetaz arduratzen den enpresak, hilabete luzez ordainketak atzeratzen aritu ostean. Hartzekodunen konkurtsoan sartu aurreko pausoa da hau, eta enpresak dituen zorren ordainketa negoziatu beharko du orain. Lortzen ez badu epaitegietan ebatzi beharko da auzia.

Disport Eki enpresaren aurka protesta ugari ikusi ditugu azken hilabeteetan, langileak soldata jaso gabe egon baitira hilabete batzuetan, edo atzeratuta jaso dituzte ordainketak. Azken mobilizazioa hilaren 8an abiatu zuten, greba mugagabea abiatu zuten langileek enpresak ez zielako garaiz ordaindu. Bi egun beranduago dirua jaso eta greba bertan behera utzi bazuten ere, azaldu zuten "hilabetero errepikatzen den kontua" dela, eta borrokan jarraituko zutela enpresak bere ardurak bete artean. Konfiantza falta honek oinarri sendoak zituen, enpresaren azken erabakiak erakutsi duen bezala.

Orain Disport Eki enpresak hiru hilabete izango ditu zorrak berriro finantzatzea lortzeko, bestela hartzekodunen konkurtsoan sartuko baita. Bitartean enpresak mantenduko du ematen dituen zerbitzuen kudeaketa, eta ez luke eraginik izan behar enpresak daramatzan Gasteiz eta Aguraingo kirol instalazioetan. Aurrekonkurtsoaren formulak langileak lehenesten ditu, beraz, hilabete hauetan plantillak soldata jaso beharko luke bestelako zorrei aurre egin aurretik.

Disport Ekik egun bost kontratu dauzka indarrean, kirol ikastaro edo instalazioekin lotuak. Azken lau urteetan hamaika milioi euro inguruko kontratuak esleitu zaizkio. Enpresa honek kudeatzen ditu gizartetxeetako igerilekuak, gimnasia eta igeriketa ikastaroak, udalaren futbol zelai batzuk, frontoiak eta rokodromoak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago