Mugimendu Sozialistak elkarrizketarako deia egin die Gasteizko Txosnei

Maialen Molinuevo 2024ko ekainaren 13a

Andre Maria Zuriaren plazan egin dute agerraldia. / Argazkia: Gasteizko GKS

Gasteizko txosnetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu dute, eta baldintzak betetzen dituztela berretsi.

Udako jaien atarian, txosnetako egoerak konpondu gabe jarraitzen duela gogoratu du Mugimendu Sozialistak. Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak, Bilboko Luberri konpartsak eta Etxebizitza Sindikatuak goizean Gasteizen egindako agerraldian gogorazi dute txosnetan parte hartzea ukatzen zaiela oraindik, eta "elkarrizketa abiatzeko eta konfiantzak eraikitzeko" prest agertu dira.

Agerraldian nabarmendu dute Mugimendu Sozialistatik "konponbidearen alde egindako ekarpena" ez dutela aintzat hartu Gasteizko Txosnek, besteak beste, 150etik gora kulturgilek sinatutako gutuna, eta "beraien posizioa mantentzen dutela". Aldiz, "elkarlana" posible dela argudiatu dute, eta Euskal Herriko "hamaika herri eta auzotan beste eragile askorekin" txosnaguneak partekatzen dituztela. "Gasteizko txosnetan Ikasle Abertzaleak badago eta haiekin elkarbizitza posible bada, zergatik ez GKS eta Elkarbizitza Sindikatuarekin?". Txosnetan eta konpartsetan egoteko baldintzak betetzen dituztela eta elkarlanerako prest daudela berretsi dute.

Konponbide baten bila

Bilboko Konpartsek eta Gasteizko Txosna Batzordeak "urte luzez izaera zabala" izan dutela nabarmendu du Mugimendu Sozialistak, eta "beste bat gehiago" izateko nahia azpimarratu. "Gure oinarriek zein eguneroko jardunak frogatzen dute konpartsetan toki bat merezi dugula".

Era berean, Gasteizko Txosnek egoera berrikusteko egindako proposamena "begi onez" jaso dutela adierazi du. Urritik aurrera gatazka konpontzeko lan egiteko egindako eskaintza "aukera ona" dela esan dute, eta "gaurdanik" eman daitezkeela pausoak bide horretan. "Uste dugu aurtengo jaiak testuinguru oso aproposa direla elkarlanerako oinarriak jartzen hasteko, eta aurretik ditugun hilabeteetan elkarrizketarako eta adostasunak lortzeko bideari ekitera deitzen ditugu bi hirietako eragileak". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago