Gasteizko Txosna Batzordeak adierazi du "prozesu zilegi" baten ondorioz geratu zirela kanpoan GKS eta Etxebizitza Sindikatua

Erredakzioa 2024ko eka. 6a, 17:20

Txosnetako debekuaren aurka GKS eta Etxebizitza Sindikatuak egindako manifestazioa. Argazkia: Gedar

Mugimendu Sozialistak konfrontazio eta inposiziozko estrategia duela salatu dute. Txosna Batzordeak adierazi du txosnetan parte hartzea ez dela "eskubide bat bere horretan".

Txosna Batzordeak ukatu egin du oharrean Mugimendu Sozialistako bi talde gehiago sartzeko erabakia beto politikoa denik. "Guztiz zilegia" den prozesu baten emaitza izan dela azaldu du, eta gogorarazi MSk baduela ordezkaritza txosnetan, Ikasle Abertzaleak antolakundea baitago bertan. Gasteizko Txosna Batzordearen esanetan ez da "inongo aukera politikorik" debekatu, froga gisa aurkeztuz batzordea osatzen duten "proiektu, orientazio politiko eta kulturalen aniztasuna".

150 kulturgilek argitaratutako sinadura bilketa eta babes adierazpenean aipatzen zen "jai herrikoietako parte izateak eskubide unibertsala" izan behar duela. Kontrara, Txosna Batzordeak argudiatu du batzordean parte hartzea ez dela "eskubide bat bere horretan", elkarrekiko errespetuan oinarritutako konfiantza sortzeko prozesu bat baizik. Zilegitasun osoa duela, beste edozein asanblada edo proiektuk bezala, erabakitzeko norekin lan egin nahi duen eta norekin ez.

Mugimendu Sozialistari leporatu diote bere estrategia oinarritzea "etengabeko konfrontazioan eta konpromisoak aurkitzeko gaitasunik gabeko inposaketetan". Azaldu dute gainerako parte hartzaileak errespetatzeko gai ez direnek "prozesu horietatik kanpo kokatzen dutela beren burua".

Hala ere, urritik aurrera gatazka konpontzeko lan egitea proposatu du Txosna Batzordeak, eta Mugimendu Sozialista berdin egitera deitu du. Azaldu dute jarraituko dutela jendarteak eskatzen duen espazio alternatibo, autogestionatu, feminista eta euskalduna eskaintzen, eta txosnetara hurbiltzeko gonbita egin diete gasteiztar guztiei, "kezka agertu dutenei bereziki".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago