Gasteiz Antzokia abiatzeko akordioa adostear dute Lazarragak eta Udalak

Erredakzioa 2024ko eka. 10a, 20:29

Maider Etxebarria alkatea eta Lukas Etxeberria Lazarraga elkarteko lehendakaria. Argazkia: Gasteizko Udala

Bost urteko epean ordainduko du zorra kultur elkarteak, eta adostutako hitzarmenean "hainbat egokitzapen" egingo dituzte egitasmoa "lehenbailehen" martxan jartzeko.

Hilabeteetako atzerapen eta tira-biren ostean, korapiloa askatzen doa, eta Gasteiz Antzokia abian jartzeko beste pauso bat eman dute Lazarraga kultur elkarteak eta Gasteizko Udalak. Konponbide adostu baterako pausuak eman dituzte azken egunetan bi aldeek, Lazarragak Izaskun Arrue kulturguneko ateak lehenbailehen ireki ahal izateko. Kultur elkarteari egotzitako zorra zatika ordainduko dute, eta hitzarmenean hainbat egokitzapen egingo dituzte "2023ko diru zuriketan gertatutako arazoak berriz ere gertatu ez daitezen".

Lazarragako bazkideek gaur arratsaldean eginiko Batzar Orokorrean aho batez onartu dute azken proposamen horrekin aurrera egitea, erantzukizuna udalari egotzi arren, "lor zitekeen akordiorik onena" dela iritzita.

ALEAk jasotako informazioaren arabera, Lazarragak bost urteko epean ordainduko du "jarduera faltagatik" sortutako 112.817 euroko zorra, hilean 2.000 euro inguru. Gainera, kultur elkarteak proposatutako "egokitzapenak egingo dira hitzarmenean", eta urteko plan operatiboa moldatuko dute "urteko jardunera egokitzeko". 

Adostutakoak hurrengo egunetan sinatuko duten hitzarmenean jasoko dituzte. Eta, besteak beste, horrekin batera, ostalaritza zerbitzuko lehiaketa aurkeztuko dute, egitasmoaren webgunea martxan jarri, sormen deialdi eta lehiaketak antolatzen hasiko dira, ikus-entzunezko lehiaketa prozedura itxiko dute, eta programazioa modu mailakatuan hasiko dute, ekitaldi txikiekin lehendabizi, eta irailetik aurrera jarduera osoarekin abiatzeko.

Egoera zaila dela aitortu duten arren, Lazarraga kultur elkarteak "oztopo guztiak gainditzeko borondatea" eta "indarrez" aurrera egiteko asmoa duela berretsi du. 

"Itxaropentsu"

Lazarraga kultur elkarteko lehendakari Lukas Etxeberria "itxaropentsu" azaldu da lortutako akordioarekin. "Batetik, Gasteiz Antzokia – Euskararen Etxea proiektuaren korapiloa askatzen asmatu dugulako, eta zentzu honetan, espero dugu bizi izan dugun bezalako egoera saihesteko elkarlan zintzoa lortuko dela egungo udalarekin. Eta bestetik itxaropentsu gaude, Gasteizen, berriro ere, kultura sortzeko eta euskal kulturaz gozatzeko aukera izango dugulako Izaskun Arrue Kulturgunean".

Maider Etxebarria Gasteizko alkatea ere pozik agertu da akordioarekin: "Pauso honi esker, Gasteizen bultzada handia emango diogu euskarazko kulturaren garapenari. Horren bidez, legealdi honetarako gure gain hartutako konpromiso bat bete eta hiri-proiektua berme osoz jarriko dugu abian".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago