Gasteiz Antzokiaren programazioaz eta kudeaketaz arduratzen den Lazarraga elkarteari 112.817 euro itzultzeko eskatu dio gaur Gasteizko Udalak. Kontu-hartzailearen txosten baten arabera, "gehiegizko finantzaketa" du elkarteak, Ruiz de Bergara jauregian izan den jarduera kontuan izanik. Hain justu, ez da jarduerarik izan, urtebete baino gehiagoko atzerapenaren ostean, itxita jarraitzen baitu jauregiak.
Elkarteak 292.950 euro jaso zituen Udalaren aldetik, Gasteiz Antzokiaren programazioa antolatu ahal izateko. "Programan onartutako jarduerak kudeatu, gauzatu eta koordinatzeko eta kultura-programazio bat gauzatzeko betebeharra ez dela bete egiaztatu da", ondorioztatu du udal txosten batek.
Gobernu batzarrean PPk kritikatu egin du EAJk eta PSEk egin duten kudeaketa. "Zergatik ordaindu zituen Udalak osorik 292.950 euro 2023ko apirilean Gasteiz Antzokiaren jarduerak kudeatzeko, jakinik ezin izango zela urte osoan ireki eta, oraindik ere, ez badaki noiz egongo den martxan?", galdetu du Iñaki Garcia Calvo PPko zinegotziak.