Duela hilabete aurkeztu zuten Gasteizko Antzokiaren aldeko plataforma herritarra. Iragarri bezala, azken asteotan, plataformako arduradunek bilerak izan dituzte talde politiko ezberdinekin. Horrekin batera mozioa aurkeztu zuten udalbatzan, eta alderdi ezberdinek "borondatea" dagoela adierazi zuten arren, "konponbide adostu baten bidez" Gasteiz Antzokia aurrera ateratzeko proposamenari uko egin zion Gasteizko Udalak. Plataformak hitzetatik harago "ekintzetara" pasatzeko eskaera egin dio beste behin udal gobernuari.
Ildo berean, plataformak babes mezu ezberdinak jaso ditu azken asteotan. Kultur arloko aurpegi ezagunek Antzokiaren irekiera eskatzen duten mezuak helarazi dizkiote proiektuari: Bernardo Atxaga, Edurne Azkarate, Karmele Jaio, Paul Urkijo, Irantzu Lekue, Aroa Arrizubieta eta beste dozena bat lagunen mezuak zabaldu dira plataformaren sare sozialetako profiletatik.
Horrez gain, herritarrek ere arazoari konponbide bat bilatzeko neurriak eskatuz argitaratutako gutunari babesa adierazi nahi izan diote. Dagoeneko 1.600 sinadura baino gehiago jaso ditu plataformak eta babes gehiago jasotzen jarraitzeko interesa berretsi dute. "Kultur sortzaileek sorgunea behar dugulako, kulturzaleek eskaintza bat behar dugulako, eragileek topaketarako gune bat behar dugulako, herritarrek plaza bat behar dugulako eta euskarak bere tokia behar duelako" Antzokiaren irekiera eskatzen du gutunak. Adierazpen horrekin bat egiten duen edonori eskaera sinatzeko gonbita egin dio Plataformak.