Lazarraga kultur elkartearekin "konponbide adostu baten bidez" Gasteiz Antzokia aurrera ateratzeko proposamenari uko egin dio Gasteizko Udalak. Antzokiaren aldeko plataformak gaurko udalbatzan aurkeztutako mozioari ezezkoa eman diote PSE-EEk, EAJk eta PPk. "Udalak sortu duen arazoa udalak konpon dezala" eta "lehenbailehen irekitzeko" eginiko eskaera atzera bota dute hala, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alde agertu badira ere.
Akordio batera iristeko "gertu" izan direla onartu du plataformako kide Txema Ramirez de la Piscinak herritarren txandan eginiko agerraldian, baina azkenean ez dela posible izan. "Prestutasun osoa erakutsi dugu adostasun bat lortzeko, eta ez da posible izan, baina lanean jarraituko dugu, proposamenak eginez". Alderdien aldetik proietuaren aldeko "hitz onak" entzun baditu ere, "ekintzetara" pasatzeko galdegin dio udal gobernuari. "Hitzez harago ekintzak nahi ditugu. Artifiziorik ez, mesedez".
Oihaneder Euskararen Etxea itxi zenetik 655 egun igaro direla gogoratu du Ramirez de la Piscinak, hamaika jarduera eta milaka lagunen topagune, eta geroztik Gasteizko euskaltzaleek halako erreferentziazko gunerik gabe jarraitzen dutela. "Porrot baten kronika argi eta garbia da hau. 2022an eraikina prest zegoen, egina, eta ez da ireki. Dena eman dugu proiektuagatik, eta Gasteiz Antzokirik gabe gaude oraindik". Era berean, Lazarraga kultur elkartearen izena aldarrikatu nahi izan dute plataformatik, beraien lana "zalantzan" jarri baitute gobernutik. "Ez gaitezen tranpatiak izan. Norena da ardura? Argi dago udalarena dela".
Korapiloa "askatu" nahian, plataformatik proposamenak egiten jarraituko dutela berretsi du Ramirez de la Piscinak, "egindako lan guztia zakarrontzira joan ez dadin", eta alderdien hitzezko borondatea "ekintzetan" ikusteko zain geratzen direla. "Euskaldun izan edo ez izan, Gasteiz Antzokia guztion proiektua da, proiektu unibertsala".
"Akordiorako borondatea"
Maria Nanclares Euskara zinegotziak Gasteiz Antzokiak aurrera egingo duela ziurtatu du. "Hiri proiektua da, eta aurrera aterako da, baina bermeekin. Horretan aritu gara ekainetik, eta dagoeneko baldintzak betetzen ditu. Lazarragari giltzak eskaini genizkion, eta hartzen dituen zain gaude orain". Antzokia "lehenbailehen" irekitzeko lanean jarraituko duela nabarmendu du, "laster euskal kulturaz gozatzeko".
Ildo beretik, Iñaki Gurtubai EAJko zinegotziak esan du testu bat adostu ez duten arren, epe laburrean "akordio bat lortzeko borondatea" duela udal gobernuak, eta udaletik zein Nanclaresen taldetik egindako esfortzua nabarmendu du. "Ezin da esan udalak konpromiso bat ez duenik. Lazarragak parte esanguratsua egin du, noski, baina baita udalak ere". Udalak, besteak beste, Ruiz de Bergara eraikina zaharberritu eta proiektuarentzat urtero diru sail bat bideratu duela gogoratu du. Lazarragak ordaindu beharreko zorrari dagokionez, bestalde, "dirua itzultzeko erraztasunak" daudela gogoratu du, baina ordainketa egin egin behar dutela. "Eta prest gaude ekonomikoki konpentsatzeko, baldin eta udalak atzerapen horren ardura duela demostratzen bada".
Gobernuaren "benetako konpromisorik" gabe, ordea, proiektuak "porrot" egingo duela nabarmendu du Maider Uriarte Bilduko zinegotziak. "Ardura beti beste norbaiten gainean jartzen dute. Eraikina guztiz prest ez egotea lotsagarria dela esaten diegunean, Lazarragak hitzarmena sinatu behar duela esaten digute". Gasteiz Antzokiak duen garrantzia aitortzea eta pausoak ematea eskatu die gobernuko kideei: "Hiri egitasmo estrategikoa badela uste baduzue, demostratu ezazue".
Elkarrekin Podemoseko eledun Garbiñe Ruizek ere gobernuaren kudeaketak Antzokiari "balazta" jarri diola esan du, eta "euskaltzaleak umezurtz" utzi dituela. "Lana egin da, baina ez da kudeaketa egokia egin. Eta hori bistan dago. Parapeto moduan erabili du udalak kontu-hartzailearen txostena berak egin ez duenaz ez hitz egiteko".
PPko zinegotzi Iñaki Garcia Calvok, bere aldetik, gogor kritikatu du gobernuak egindako kudeaketa eta ardura "Lazarragaren bizkarrean" jarri izana. "Zergatik sinatu zenuten 300.000 euroko hitzarmen bat, jakinik ez zela abian jarriko? Jakinik sekulako atzerapena zekarrela. Ez zekiten zer sinatzen zuten edo gezurra esan digute; edo biak. Nefastoa izan da kudeaketa".