Gasteiz Antzokia babesteko plataforma aurkeztu dute

Erredakzioa 2024ko mai. 8a, 12:17

Gasteiz Antzokiaren alde "behar diren ekintza eta mobilizazio guztiak" egiteko prest dagoela adierazi du egitasmoaren alde sortutako plataforma berriak.

Gasteiz Antzokia "lehenbailehen" martxan jartzeko eskatu dio udalari Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformak, eta Lazarraga elkartearentzat zein euskalgintzarentzat "errespetua" galdegin dute. 

Duela hamar urte baino gehiago egitasmoaren alde eratutako plataforma berreskuratu dute euskaltzaleek, eta gaur egin dute horren aurkezpena, Ruiz de Bergara jauregiaren atarian bertan.

Modu berean, udalak Lazarraga elkarteari emandako trataera "onartezintzat" jo dute, eta gaiaren bueltan Gasteizko Udalak izan duen "utzikeria eta borondate falta" salatu dute. Udalak "bete ez dituen konpromisoen ardura" eta horren ondorio ekonomikoak "elkartearen bizkar gainean utzi nahi izatea" batere bidezkoa ez dela aldarrikatu dute.

Egoera "kafkiarra" dela erantsi dute. "Azpiegitura egina dago. Udal talde guztiak ados daude. Beharra hor dago. Hala ere, egoerak bere horretan jarraitzen du: eraikina itxita eta euskaraz burutzeko ziren hainbat ikuskizun amets galduen tiraderan sartuta". 

Gauzak hala, "behar diren ekintza eta mobilizazio guztiak" burutzeko prest daudela iragarri dute. Momentuz, aurreratu dute talde politiko guztiekin elkarrizketak lotuko dituztela, udal bilkuran mozio bat aurkeztuko dutela, eta sarean dagoen sinadura bilketa berriro aktibatuko dutela

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago