Nekazaritza lurrak fotovoltaikoz betetzearen aurkako manifestazioa larunbatean

Erredakzioa 2024ko mai. 29a, 10:15

UAGAko traktore martxa, hauteskundeen atarian. Argazkia: PHOT.OK

"Gure laborantzaren alde" manifestazioa eta 'traktorada' egingo dituzte, ekainaren 1ean. Araban nekazaritza eta abeltzaintza jarduera estrategiko izendatzeko eskatu dute Aldundian, lurraldea defendatzeko.

"Plaka fotovoltaikoak teilatuetara" joatea aldarrikatuko dute Araba Bizirik, UAGA eta Bionekazaritzak larunbat honetan Gasteizen. Azken hilabeteetan eguzki energia sortzeko hiru proiektu berri proposatu dira Araban, ia 400 hektarea hartuko dituztenak. Aurretik aurkeztutako proiektuei gehituta, arriskuan ikusi dute landa eremua eragile ugarik. Honen aurrean, lehen sektorearen jarduna defendatzeko, mobilizazioa antolatu dute larunbaterako, 12:30ean Bilbo Plazatik abiatuta. Arabako herri ugaritan makroproiektu energetikoen aurka sortu diren taldeetako askok ere deitu dute protestara.

Maiatza erdialdean jakinarazi zuten aipatutako hiru elkarteek mozio bat aurkeztu zutela Arabako Foru Aldundian, jarduera estrategiko izendatzeko nekazaritza eta abeltzaintza. Neurri honen bidez babestu nahi dituzte ogibide hauek eta, orokorrean, Arabako landa eremuko bizimodua.

Arrisku gehiago ingurumenari

Hainbat eragile ekologistaren ustez, arazo gehiago ere badaude. Arabako Mendiak Aske plataformak askotan salatu du proiektu eolikoak neurrigabe ari direla hazten, eta arriskuan jartzen dutela Arabako ingurumena, animaliei eta gizakioi kalteak ekarriko dizkigula argudiatuta, besteak beste. Aste honetan bertan ezagutu dugu haize errotak jartzeko proiektu berri bat aurkeztu dutela, kasu honetan Aramaio, Legutio eta Gipuzkoako lurretan banatuta.

Eolikoen auzian, "Azazeta-Laminoriatik ez dira pasako" lelopean protesta eguna antolatu du Arabako Mendiak Aske plataformak. Ekainaren 8an izango da, Maeztun. Mendi martxa egingo dute kaltetutako eremuak erakusteko, eta ondoren herri bazkaria eta kontzertuez gozatzeko aukera izango da. Araba Biziriken sare sozialetan aurki daiteke informazio osoa.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago