Jarindo mendiaren inguruan, Aramaio eta Legutio udalerrien artean, eta Gipuzkoako Leintz-Gatzagarekin mugan, proiektu eoliko berri bat jartzeko proposamena aurkeztu dute. Hala jaso du gaur EAEko Agintaritzaren Aldizkariak. Lau aerosorgailurekin, 20 megawatteko parkea eraiki nahi dute inguru horretan.
Capital Energyk egin du proiektu berriaren eskaera, talde bereko Green Capital Power enpresaren eskutik, eta orain hogei egun izango dituzte interesa duten sektoreko beste enpresek hautagai moduan aurkezteko. Hain zuzen, Jarindotik gertu, aurrez iragarritako beste parke eoliko baten eragin-eremuan sartuko litzateke Jarindo proiektu berria. Izan ere Legutio, Ubide eta Otxandio arteko mendixketan –Motxotegi, Kastillo, Aiago eta Larragorri artean– Kastillo parke eolikoa paratu nahi dute.
'Kastillo Bizirik'
Berriztagarriak bai, negoziorik ez leloarekin, Kastillo Bizirik koordinadora aurkeztu dute larunbatean Otxandion. Kastillo proiektuak ia 200 metroko altuera duten lau aerosorgailu instalatzea aurreikusten duela gogoratu dute, 85 x 25 metroko oinarria duten hormigoizko plataformen gainean. "Horrek esan nahi du Otxandioko eliza baino lau aldiz garaiagoa dela eta gaur egun gauden plaza baino plataforma handiagoak izango dituela", salatu dute plazan eginiko agerraldian. "Gainera, Ubidetik metro gutxira dagoen 120 metroko dorre meteorologikoa ere izango du".
Horrelako proiektuak "gutxi batzuen interesei" erantzuten dietela uste dute koordinadorako kideek, energia berriztagarrietan "espekulatzeko eta horiekin negozioa egiteko aukera" ikusten baitute. Negozio horiek Trantsizio Energetikorako Legeak bultzatzen dituela salatu dute, eta Europako Next Generation funtsei lotuta daudela. "Horren ondorioz, enpresek energia berriztagarrietan kapitala sortzen jarraitzeko bidea ikusten dute, eta ez energia krisiari aurre egiteko irtenbidea. Gainera, legebiltzar osoak onartutako legediek indartu egiten dute espekulazio dinamika hori ahalbidetzen duen egitura".
"Ez dute bilatzen krisi klimatikoa sortzen ari den arazoak konpontzea, kapitalismo berdez mozorrotutako onura pribatua handitzea baizik"
Agerraldian salatu dutenez, energia industria oso errentagarria da inbertsiorako, eta hala erakusten du "Blackrock bezalako funts handiak" izatea sektoreko akziodun nagusiak. "Natura baliabideen ustiapenak, aldeko legediak eta kutsadura kupoen hartu-emanak sortzen dute kapitala metatzeko aukera perfektua". Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, urtebete pasatxoan, 152 proiektu aurkeztu dituztela nabarmendu dute. "Ofentsiba honek guztiak erakusten du beharrezkoa dela tokitik irtetea eta Kastillo Bizirik-en bitartez antolatzea, baita Euskal Herria Bizirik bezalako sare zabalago batean ere".
Koordinadoratik gogoratu dute interes alderdikoietatik urrun daudela, eta ez dutela bilatzen proiektua tokiko interesen arabera birformulatzea edo aldatzea, "baizik eta proiektua erabat geldiaraztea". Eztabaidarako eta hausnarketarako esparruak sortu behar direla uste dute, krisi ekologikoak gizartearen alderdi guztiak baldintzatzen dituela ulertuta. "Beharrezkoa da horrelako makroproiektuen izaera ulertzea. Proiektu horiek ez dute bilatzen krisi klimatikoa sortzen ari den arazoak konpontzea, kapitalismo berdez mozorrotutako onura pribatua handitzea baizik".
Orain arte, proiektua herrietan zabaldu dute, eta sinadurak eta alegazioak bildu dituzte; guztira 1.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dituzte, eta 800 sinadura baino gehiago Kastillo proiektuaren aurka.