Araba Bizirik, UAGA eta Bionekazaritzak haien "borrokarako plana" aurkeztu dute gaur, azken asteetan ezagutzera eman diren proiektu fotovoltaiko berrien aurka. Ohartarazi dute Zierbena 2, 3 eta 4 egitasmoek nekazal-lur emankorren 400 hektarea erabili nahi dituztela, eta Arabako lurraldea "odolustuko" dutela ebakuazio linea handiak eraikita. Energia berdez mozorrotzea leporatu diete proiektu hauei, naturaguneak suntsituko dituen bitartean.
Joan den ostiralean mozio bat aurkeztu zuten Arabako Batzar Nagusietan, Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu Batzordeari eskatzeko nekazaritza eta abeltzaintza jarduera estrategiko gisa izendatu ditzala Arabako lurralde historikoan. Hala, nekazaritzarako balio duten lurrak babestea dute helburu. UAGAko Gorka Barredok adierazi du “dezepzionatuta” daudela Arabako Foru Aldundiarekin, herritarrak eta lurraldea babestu beharrean enpresa handien interesen defentsan aritzen delako.
Ikusteko dago jarduera estrategiko izendatzeko mozioak zer ondorio juridiko izango lituzkeen. Hasiera batean babes politikoa jasotzea izango zela aitortu dute, “posizionatzera behartuko” dituela politikariak. Hala ere, Araba Bizirik taldeko Iñigo Lezak azaldu duenez, halako mozio batek bertan behera utzi zituen bederatzi planta fotovoltaiko Nafarroan.
Nekazaritza eta abeltzaintza sektore estrategiko gisa hartzea eskatzeko elkarretaratzea antolatu dute Gasteizen UAGA, Bionekazaritza eta Araba Bizirikek, ekainaren 1erako. “Gure laborantzaren alde” lelopean elkartuko dira 13:00etan Ospitale plazan.
Mozioa Batzar Nagusietan
Aurkeztu duten mozioan, jarduera estrategiko izendatzeaz gain, eskatu dute politika aktiboak eta araudia erregulatzailea garatzeko, babestuko dituena familia ustiategiak dituzten nekazari eta abeltzainen jarduerak. Mozioan aipatzen da, alde batetik, nola Araban nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak asko gutxitu diren, %42 jaitsi dira azken hamarkadan. Bestalde, landa eremua jendez hustua eta zahartua dagoela salatu dute, biztanleriaren gehiengo handiak 65 urtetik gora dituela eta 397 herri ez direla heltzen mila biztanle izatera, horien erdiek ez dituzte 50 biztanle ere.
Egoera honi aurre egiteko, argudiatu dute nekazaritzak eta abeltzaintzak biztanleria finkatu eta lurraldea egituratzen duela, ingurumena babesteaz gain. Salatu dute egun proposatzen den ereduak Araba “sakrifizio eremu” gisa hartzen duela, eta ohartarazi dute nazkatuta daudela haien bizi ereduaren amaiera gertu ikusteaz.