Pasa den astean Gasteiz Antzokiaren aldeko plataformak, bere aurkezpenean adierazi bezala, mobilizazio ezberdinak egingo ditu egunotan; tartean, sinadura bilketa kanpainari helduko dio berriz. Hain zuzen, arlo ezberdinetako aurpegi ezagunek eskaera hori egin zuten duela zenbait aste; horien artean ziren, besteak beste, Karmele Jaio, Edurne Azkarate, Iñigo Etxezarreta, Josu Zabala, Joseba Sarrionandia, Kike Amonarriz eta beste ehun lagunetik gora.
Orduz geroztik, egoerak onera beharrean, gehiago korapilatzera egin du, eta, ondorioz, sinadura bilketa horren bitartez herritarren babesa ere jasotzea bilatu nahi du plataformak.
"Kultur sortzaileek sorgunea behar dugulako, kulturzaleek eskaintza bat behar dugulako, eragileek topaketarako gune bat behar dugulako, herritarrek plaza bat behar dugulako eta euskarak bere tokia behar duelako" Antzokiaren irekiera eskatzen du gutunak.
Adierazpen horrekin bat egiten duen edonork eskaera sinatzeko aukera ere izango du datozen egunotan.