"Denek dute ordezkaritza eta lekua hemen. Hori dela eta, herritarren benetako parte hartze eredua da hau". 2015ean Oihaneder Euskararen Etxea abiatu zutenean esandako hitzak dira. Eta ez ziren, ez, ekimenaren sustatzaileek botatakoak, garai horretako alkate Javier Marotok adierazitakoak baizik. Azken urteotan, ordea, bestelakoa izan da PPk hartutako jarrera, eta, besteak beste, 2022ko udal hauteskundeetako kanpainan Ainhoa Domaika hautagaiak gaia berreskuratu zuen, ahoan bestelako hitzak eta tonua zituela.
Politikariak politikari, 2012tik lanean zebilen hiriko euskalgintza Gasteizerako euskararen etxe bat lortu nahian, eta horregatik abiatu zuten, hain justu, Gasteiz Antzokiaren aldeko plataforma. Ibilbide horretan, mugarri garrantzitsua izan zen Oihaneder Euskararen Etxearen sorrera Montehermoso jauregian, euskararentzako toki propioa eskuratu bitartean.
Gaurdaino. Izan ere, 2022ko irailaz geroztik Ruiz de Bergara jauregia amaituta egonda ere, gaur gaurkoz ez dago ez Oihanederrik ezta Gasteiz Antzokirik ere. Bestetik, ezaguna denez, proiektua kudeatzen duen Lazarraga elkarteak ohartarazi du proiektua "hilzorian" egon daitekeela, euskararen etxea aterpe gabe egon den hilabete hauetan antzokia abiatzeko gastuen inguruan udalak jarritako eragozpenak tarteko: udalak 113.000 euro bueltatzeko eskatu dio elkarteari.
Hasierako laukitxora bueltan
Egoera ikusita, duela hamarkada bat baino gehiago antzokiaren alde sortutako plataforma berreskuratu behar izan du euskalgintzak. San Prudentzio egunaz baliatu ziren jendarteari plataformaren eskarien lehen berri emateko, eta aste honetan egin dute aurkezpen ofiziala.
Ruiz de Bergara eraikinaren ateetan egindako agerraldian, Gasteiz Antzokiaren aldeko Plataformaren sustatzaileek "kafkiartzat" jo dute egoera. "Azpiegitura egina dago. Udal talde guztiak ados daude. Beharra hor dago. Hala ere, egoerak bere horretan jarraitzen du: eraikina itxita eta euskaraz burutzeko ziren hainbat ikuskizun amets galduen tiraderan sartuta", adierazi dute.
Gaiarekiko duten haserrealdia ezkutatu ezinean ibili dira plataformako kideak; hala, "ozen" salatu nahi izan dute "udalaren utzikeria eta borondate falta". Aurreratu dute "behar diren ekintza eta mobilizazio guztiak" burutzeko prest daudela antzokia "behin betikoz errealitate" bihurtzeko. "Proiektu hau ezin da zakarrontzian amaitu", ohartarazi dute.
Plataformak martxan jarriko dituen ekimenen artean, aurreratu dute talde politiko guztiekin elkarrizketak egingo dituztela, eta udal bilkuran mozio bat aurkeztuko dutela. Bide beretik, sarean dagoeneko abian dagoen sinadura bilketa berriro aktibatuko dute.
Errespetu eske
Testuinguru honetan, berretsi dute "elkarlanerako" prest daudela, baina "errespetua" eskatu dute ere, "berdinen arteko harremana" lortu aldera. "Eta hori da, hain zuzen ere, udalak praktikatzen ez duena", kritikatu dute. Gogora ekarri dute Gasteizko euskalgintzak bi hamarkada daramatzala egitasmoa lantzen, eta euskalgintzak jarri duela kontu honetan "materia gris guztia", bai eta "kemena, gogoa eta indarra" ere bai. Aldiz, uste dute udala "beti atzetik eta oso berandu" ibili dela.
Lazarraga elkarteari udalak orain eskatutako kopuruari dagokionez, bat datoz gaia ezagutarazi zenetik elkarteak berak izan duen jarrerarekin. Hala. "udalak sortu duen arazoa, udalak berak konpon dezala eta Gasteiz Antzokia lehenbailehen abian jar dadila", eskatu dute. "Udalak bete ez dituen konpromisoen ardura eta horren ondorio ekonomikoak elkartearen bizkar gainean utzi nahi izatea guztiz injustua" dela adierazi dute, eta, horregatik, berretsi dute ez dela "onargarria".
Gogora ekarri Oihanederrek 66.868 erabiltzaile izan zituela, 900 jarduera inguru antolatuz, eta 50 talde edo eragilerekin baino gehiagorekin. "Denok behar dugu antzokia", azpimarratu dute, "euskalduna izan ala ez".