Gure lurraldeko ikastolen aldeko Araba Euskaraz jaialdiari esker, Gasteizko Olabe pilotalekua Jai Alai League zesta-punta txapelketaren egoitza ofizialetako bat izango da aurten. Izan ere, lehiaketa urte osora zabaldu da, eta etenik gabeko egutegia izango du, urritik urrira bitartean, ehun partida baino gehiagorekin; lau izatetik, hamahiru txapelketa puntuagarri izatera igaroko da, tartean apirilaren 13tik 26ra jokatuko den Araba Euskaraz Master Series txapelketa.
Iaz lehen aldiz antolatu zuen Araba Euskarazek jardunaldi bakarreko zesta-punta jaialdia, gure lurraldean kirol hori sustatzeko xedearekin, Arabako Euskal Pilota Elkartearekin eta Gasteiz Jai Alai klubarekin elkarlanean. Beste urrats bat eman nahi izan dute orain, hiru jardunaldiko txapelketa puntuagarriarekin.
Aurtengo txapelketan, 2023koan bezalaxe, bukatu berri den Durangoko Euskotren Women Winter Series txapelketako puntistek ere jokatuko dute, eta Gasteiz Jai Alai eskolako umeek beraien dohainak erakusteko aukera izango dute.
Ehun partida baino gehiago
Guztira, maila profesionaleko 100 neurketa baino gehiago jokatuko dira aurtengo Jai Alai League ligaren barruan, hamar frontoi edo egoitzatan banatuta. Amaiera fasea Durangoko Final Fourrean erabakiko da, eta pilotari onenek jokatuko dute bertan, ranking ofizialean lortutako puntuazioaren arabera.
Kategoriaren arabera (Slam edo Master), puntuazio jakin bat izango du txapelketa bakoitzak:
- Urriak 26 – 28: Open International Biarritz (Master)
- Urtarrilak 30 – Otsailak 18: Eusko Label Winter Series
- Abenduak 8 – 22: Cesta de Nadau Pau (Master)
- Martxoak 23 – 28: Lekeitio Jai Alai Master Series (Master)
- Apirilak 1 – 8: Zumaia Jai Alai Master Series (Master)
- Apirilak 7 – 25: Cesta All Star SJL (Slam)
- Apirilak 13 – 26: Araba Euskaraz Master Series (Master)
- Maiatzak 10 – Ekainak 7: Bilbao Jai Alai Iron Cup (Slam)
- Ekainak 15 – Uztailak 16: Markina-Xemein Jai Alai Grand Slam (Slam)
- Uztailak 4 – Abuztuak 21: Gant D'Or Biarritz (Slam)
- Uztailak 12 – Irailak 6: Pau Cup (Slam)
- Uztailak 20 – Abuztuak 17: Gernika Jai Alai Grand Slam (Slam)
- Urria: FINAL FOUR (Durango)