Lokarri Kirola

"Zesta-punta azkarra eta dibertigarria da; niretzat, munduko kirolik politena"

Erabiltzailearen aurpegia Lokarri Kirola 2023ko eka. 14a, 10:00

Lokarri kirol saioaren bigarren atalean, Julen del Rio puntista gasteiztarra da protagonista. Lorpenetik lorpenera, Euskal Herria eta Mexiko artean, nazioarteko zesta-puntaren munduan etorkizun oparoa marrazten ari da, jokalari zein gaztetxoen entrenatzaile gisa.

Aurkezlea: Asier Muelas Garaizabal (Lokarri Kirola)
Bideoa eta edizioa: Mikel Buruaga

Gasteizko Jai Alain, Mexikoko frontoian, Jai Alai Winter Series eta Jai Alai World Tour txapelketetan jokatu du azken urte hauetan del Julen del Riok (Gasteiz, 1996); eta gainera entrenatzailea da Arabako Pilota Federazioan.

Nolako ibilbidea egin duzu kirol munduan? Zesta-puntan gazte hasi zinen edo beste kirolen bat praktikatu duzu?

Sei urterekin hasi nintzen zesta-puntan, nire bi anai nagusiak kirol horretan hasi zirelako, eta hemen, Olabe pilotalekuan, hasi nintzen. Ordutik, ibilbide polita egin dudala uste dut. Anai nagusiak ikusten nituen eta nik ere kantxan aritu nahi nuen. Gasteizen hasi zinen baina Euskal Herri osoan jokatu duzu, baita atzerrian ere, Mexikon ibili zara.

"Olabe frontoia izan da beti nire tokirik gogokoena, beti egon nahi dut hemen"

Nolako esperientzia izan da mugaz bestaldeko hori?

Hogei urterekin joan ginen Mexikora, eta bertan lau hilabetez egon ginen; oso esperientzia polita izan zen. Ondoren, beste denboraldi batzuetan ere joan gara denbora tarte laburragoak egiten Mexikon. Hemen, lana edo ikasketak ditugu, eta gero pilotan aritzen gara, baina bertan, Mexikon, pilotari sentitzen zara ehuneko ehunean, profesionala.

Mexikon profesional bezala aritzen zinen; hemen ordea ez da hala izaten?

Azkenean, Mexikon apustu oso handia egin zuten, frontoia goitik behera eraberritu zuten, eta enpresak diru asko jarri zuen mahai gainean; hemen, berriz, geroz eta profesionalagoa da zesta-punta, gauzak pixkanaka hobeto egiten ari dira, enpresak gero eta inplikatuagoak daude eta gero eta lantalde handiagoak. Pixkanaka lortzen ari gara kirol hau profesionalizatzea.

Balantzea positiboa da, beraz?

Nik baietz uste dut.

Gizartea bereziki inplikatuta dago zesta-puntarekin, edo pasibotasuna ikusten duzu?

Kirol asko ditugu gaur egun, futbola, saskibaloia, eskubaloia, eta abar; eta minoritarioak diren kirol hauek, batez ere hiri handietan, ez ditugu ikusten. Pilota edo zesta-punta bezalako kirolak gehiago ikusten ditugu herri txikietan.

Zer esango zenioke kirolen bat praktikatu nahi duen gazte bati zesta-puntan animatzeko?

Lehendabizi, oso kirol ikusgarria dela. Ni txikitatik hasi nintzen, eta ez dut inoiz uzteko gogorik izan. Olabe frontoia izan da beti nire tokirik gogokoena, beti egon nahi dut hemen. Kirol azkarra da, eta oso dibertigarria, niretzat munduko kirolik politena da, eta oso familiako giroa dago.

Familia giroa aipatu duzu. Hori inportantea da?

Azken finean, familia handi bat gara, eta horrek bere alde onak eta bere alde txarrak ditu; alde ona da esperientzia asko biltzen ditugula guztion artean; ni, esate baterako, Mexikon egon nintzen, eta beti egoten gara hemendik hara, asko mugitzen gara kirol honetan, eta bizipen asko izaten eta parketatzen ditugu.

"Gauzak hobeto egiten ari dira; pixkanaka lortzen ari gara kirol hau profesionalizatzea"

Gaur egun nola dago antolatuta zesta-punta? Nolako ligak daude? Zer antolakunde daude?

Gaur egun, bakarrik Euskal Herrian jokatzen da profesional bezala. Mexikon, orain egiten ari dira txapelketa batzuk; AEBetan ere duela gutxi ibili dira bi hilabetez jokatzen; baina gaur egun, urte osoan, Euskal Herrian gabiltza kirolariak zesta-puntan jokatzen. Uda partean Jai Alai Word Tour txapelketa dago, eta horretan bi enpresek parte hartzen dute, Eraman Jai Alaik eta Jai Alivek; eta Ipar Euskal Herrian ere hiru slam jokatzen dira. Beraz, uda osoan txapelketa asko daude gure inguruan.

Zesta-puntako Euskal Herri mailako ligarik ez dago?

Hitz egiten ari dira liga bakarra egiteko, eta nik uste dut hurrengo urteari begira batuko direla eta aurrera aterako dela asmoa. Dena den, duela gutxi jokatu da urte osoko txapelketarik garrantzitsuena, Jai Alai Winter Series, eta jende asko egon da frontoian. Nik bertan parte hartzeko aukera izan dut, eta oso polita izan da, oso pozik nago.

Ohikoa da hemengo puntistak beste herrialdeetara joatea bere ibilbidea osatzeko? Zailtasunak daude hemen jokatzeko?

Historikoa da kontua. Azken hogei urteetan ohitura egon da AEBetara joateko, eta uda partean, hemen, Euskal Herrian jokatzen zen. Zesta-puntistek udako denboraldia beti egiten zuten Euskal Herrian, eta bestela atzerrian ibiltzen ziren. Orain ez da hala gertatzen, AEBetan ez dagoelako frontoi handirik, eta Mexikon badaude frontoiak baina soilik txapelketatxo bat jokatzen da. Beraz, une honetan, hemen dago koxka, hemen dago saltsa, eta hemen dago etorkizuna.

Jokalaria izateaz gainera, zesta-puntako entrenatzailea zara, Arabako Kirol Federazioan. Badaude gazteak kirol honetan?

Winters Series horretan piztu da gogoa, gero eta lan hobeagoa egiten ari gara Gasteizen zein Euskal Herriko beste tokietan, eta orain falta zaiguna da jakinaraztea zesta-punta zer den, umeek ez dakitelako zer den. Gasteizen umeen talde polita dago, oso gustura nago haiekin, eta asko maite ditut.

Egin dituzuen txapelketetan harrera ona egon da ikusleen partetik, ezta?

Bai. Hori da motibagarriena, frontoira etortzea eta beteta ikustea. Gasteizen jende asko ez da inoiz etorri pilotalekura, eta telebistan ez da berdin ikusten, ez dago giroa, abiadura; frontoiak engantxatzen du.

Julen del Rio puntista gasteiztarra. Argazkia: www.julendelrio.com

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago