Oiongo ikastolaren aldekoa izango da 2024ko Araba Euskaraz

Erredakzioa 2023ko urr. 27a, 17:00

Arabako Ikastolen Elkartearen agerraldia. Argazkia: Araba Euskaraz

Araba Euskaraz jaialdiaren hurrengo edizioa 2024ko ekainaren 16an ospatuko da, Mugaezin lelopean. Oraingoan Oiongo San Bizente Ikastolaren aldekoa izango den arren, Olarizuko zelaietan egingo da berriz ere.

Ekilore bat, espirala harmoniatsu batean konbinatutako zortzi petalorekin. Horixe da Araba Euskaraz jaialdiaren aurtengo irudia. Mugaezin leloarekin batera, aurtengo logoak Arabako zortzi ikastolak eta haien arteko lankidetza islatzen ditu, petalo bakoitzak ikastoletako bat irudikatuz.

"Ikastola guztiok batera, guztiok batuta" ekin diote gure lurraldeko ikastolek Araba Euskaraz 2024 antolatzeari, azken bi ekitaldietan martxan jarritako ereduarekin jarraituz: auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, Olarizun ospatuko dute berriz ere 2024ko ekainaren 16ko jaialdia; gainera, urte osoan zehar askotariko jarduerak antolatuko dituzte guztien artean.

Aurten Arabako Errioxa euskaldunaren alde piztuko dute elkartasuna. Izan ere, Oiongo San Bizente Ikastolaren aldekoa izango da jaialdia, eta, finantzaketan laguntzeaz gain, 1976. urtetik lanean dabilen ikastetxearen eta Arabako beste zazpi ikastolen hezkuntza proiektuak ezagutarazteko helburua izango du. Horrekin batera, "Oionen eta Arabako Errioxan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta bultzatzeko" baliatuko dute, baita erabilpen eremuak zabaltzeko ere.

Dagoeneko batzordeak sortu dituzte zortzi ikastoletan, lanak banatzeko asmoz: material salmenta, Tanta txartelen salmenta, babesle-laguntzaileen eta publizitatearen bilaketa, segurtasun aurreikuspen lanak, urte osoko ekimenen antolaketa, eguneko egitarauaren taxuketa, muntaketa lanen aurreikuspena... "Lan asko dira elkarlanean kudeatu beharrekoak. Lan horiek guztiak, bistan da, samurrago egiten dira ikastola guztiok batuta, eta denon artean koordinatuta", azaldu dute.

Araba Euskaraz, urte osoan

Araba Euskaraz Eguna ekainaren 16an ospatuko duten arren, "Araba Euskaraz urteaz" mintzatu beharko ginatekeela azpimarratu du Ikastolen Elkarteak. Izan ere, Araba Euskaraz lurraldeko bazter guztietara eramango dute aurten ere, eskualdez eskualdeko jarduera eta ekimenen bitartez.

Egun handia, jaialdia bera, "euskarari eta euskal kulturari agertoki handi bat" eskaintzeko urte osoan zehar egindako lanari amaiera emateko jai eguna izango da. "Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua; euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia; eta arabarrok ere Araba Euskarazen topagunea behar dugulako", aldarrikatu dute.

Arabako Errioxa euskalduna

"Mugaezin; horrela, mugagabean, dugu 2024ko Araba Euskarazen leloa. Mugarik gabe eta mugaezin irudikatzen dugulako gure hizkuntza. Mugarik gabe, ez bada ortzi-muga, mugarriz mugarri, euskararentzako espazio zabalagok irekiz. Mugarik gabe, euskaraz hezi eta hazi nahi duten guztientzat", adierazi dute antolatzaileek. "Hego-mendebaldeko bazterretik ari gara, bazter-herritik, euskarazko hatsa igorriz erdigunera. Baina erdigunean ere bagaude, eta indar zentripetua eragiten dugu, nafarrak eta errioxarrak, baita etorri berriak ere erakarriz gurera".

"Gure gogoa, borondatea eta grina ere mugaezinak dira. Duela 50 urte, guraso, irakasle eta ikasle aitzindariek abiatutako ikastola mugimendua guztiz errotuta dago Arabako Errioxan", ospatu dute. "Urteotan guztiotan lortu dugu eskualde honetan euskaldun eta ia euskaldunak, %4 izatetik, %40tik gora izatea. Eta gure gogo, borondate eta grina mugaezinarekin lortuko dugu Arabako Errioxa euskalduna, Euskal Herri euskaldunean".

San Bizente Ikastola: mende erdiko ibilbidea

Duela 47 urte, 1976. urtean sortu zen San Bizente Ikastola, Oionen errotuta. Ikastetxeak 0 eta 16 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu, eta gaur egun 201 familiak, 288 ikaslek eta 34 irakasle eta langilek osatutako komunitatea da. Gurasoek antolatutako kooperatiba gisa, seme-alabei kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzeko helburua du, kudeaketa demokratiko eta garden baten bitartez.

Ikastetxe "euskaldun, integratzaile, akonfesional eta hezkidetzagile" gisa definitzen du bere burua San Bizente Ikastolak, eta metodologia parte-hartzailea zein kudeaketa irekia bultzatu nahi ditu. Arabako Errioxako ikasleak eta familiak biltzeaz gain, inguruko herrietako bizilagunak ere badaude ikastetxean, horietako asko Errioxatik edo Nafarroatik iritsita.

San Bizente ikastolak harreman estua dauka Arabako Errioxako beste bi ikastolekin, Bastida eta Assarekin. Hiru ikastetxeek ekarpen garrantzitsua egin dute eskualdearen euskalduntzean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide