LGTBI+fobia, kiroletik at

Erredakzioa 2024ko ots. 19a, 12:30

Kirolean LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, kirol inklusiboa ikusarazteko ekitaldia antolatu dute Ikusgune behatokiak, Gaztedi errugbi taldeak eta Miaukatuz boleibol klubak.

1990ean, Justin Fashanu Norwich City futbol taldeko jokalaria armairutik atera zen, homosexuala zela aitortuz. Zortzi urte geroago, 1998an, bere buruaz beste egin zuen, 37 urte zituela. Zortzi urte horietan, jazarpen eta indarkeria homofoboa jasan zuen, eta, besteak beste, 17 urteko mutil bat bortxatzea leporatu zioten, epaiketan absolbitu zuten arren.

Fashanuren historia tragikoa eta bere jaiotze data abiapuntutzat hartuta, 2010. urtetik, urtero, Kirolean LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da otsailaren 19an. Hori dela eta, joan den larunbatean, hilaren 17an, indarrak batu zituzten Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak, Gaztedi Rugby Taldeak eta Miaukatuz Kirol Klubak.

Gasteizko Alde Zaharreko Landatxo kiroldegian egindako ate irekien ekitaldi batean, kirol inklusiboa ikusarazi eta "gaur egun oraindik kirolean nagusi den LGTBI+fobia" salatu dute. 17:00etatik 19:00etara bitartean, musika eta jai giroan, boleibol eta errugbi partida parte-hartzaileak jokatu zituzten, bai eta informazioa eta LGTBI+ lokarriak banatu ere. "Kiroleko aniztasun sexualaren eta generikoaren aldeko konpromisoa" berretsi dute jardunaldian.

"LGTBI+ pertsonok diskriminazio, iseka eta irain ugari jasan ditugu kirola egiterakoan; baita ikusle gisa ere, mezu LGTBI+fobikoak maiz entzun behar izaten baitira", deitoratu dute ekitaldiaren antolatzaileek. "Gure haurtzaroan, gehiegitan, genero identitate, espresio eta desira ez normatiboen kontrako gorrotoa etengabea izan da. Gaur egun, kirolarekin lotura eta konpromisoa duten pertsonek egindako sentsibilizazio lanari esker kirol espazio askotan aldaketak ikusten badira ere, diskriminazioak eta irainak jasaten jarraitzen dugu".

"Gaur egun ere oso gutxi ikusten dira LGTBI+ kirolariak eliteko kiroletan", gaineratu dute. "Ahalduntze feministak espazio asko konkistatzera eraman gaitu, gorputza eta aurpegia LGTBI+fobiaren aurrean jartzera eraman gaitu. Trans pertsonek eskubideetan aurrera egiten dute: onartu berri den Trans Legearekin, LGTBI+ kirolarien ahalduntzearekin eta inklusioarekin konpromisoak dituzten Gaztedi Rugby Taldea eta Miaukatuz bezalako kirol klubak sortzearekin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide