O19 | Kirol esparruko LGTBI+fobiaren aurkako eguna

Kirolean generoaren araberako bereizketa abolitzeko manifestu bat

Erredakzioa 2020ko ots. 19a, 10:42
Miaukatuz Kirol Klubak sexu-orientazioaren eta generoaren aniztasuna ditu ardatz. / @Miaukatuz

Ikusgune - LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak eta Miaukatuz kirol klubak manifestu bat sinatu dute, kirolean generoaren araberako bereizketa abolitzearen alde. Kirol esparruko LGTBI+fobiaren aurkako eguna da gaur.

Otsailaren 19an, kirol esparruko LGTBI+fobiaren aurkako eguna ospatzen da. Aurten, kirolean hainbat homofobia kasu eman direla ohartarazi dute manifestuaren sortzaileek; besteak beste, Muskizen arbitro baten aurka gertatutakoa gogoratu dute, "nahiz eta ez den bakarra izan".

Ikusgune behatokiaren eta Miaukatuz kirol klubaren arabera, "gizonezkoen taldeen nagusitasunak emakumezkoen taldeen ikusezintasuna eta diskriminazioa eragiten du, egoera prekarioenetan eta infantilizatuetan kirolaz gozatu behar baitute".

Ildo horretan, arazoaren sustraietara jo nahi dute manifestuarekin, eta kirola oraindik ere "balorazio biologiko eta genetikoetan oinarrituta zehazten" dela salatu, eta "jaiotzari esleitutako generoaren araberako bereizketa binarioa neurri transfoboa" dela ohartarazi dute.

"Pertsona baten aurkako gorroto mezuak edo jarrerak zabaltzen direnean, helburua ez da pertsona zehatz bat, kolektibo oso baten aurkako gorroto-adierazpena baizik", adierazi dute Ikusgunek eta Miaukatuzek.

Azkenik, bost neurri proposatu dituzte LGTBI+fobia kiroletik desagerrarazteko:

  • Kirol munduan ematen den LGTBI+fobiaren existentziaren aitorpen esplizitua; eta kluben, taldeen eta federazioen ardura aitortzea jatorrian, baina baita arazo honekin bukatzeko duten potentzialean ere.
  • LGTBI+fobikoa den erakusketa edo jarrera oro zelaietatik desagerraraztea.
  • Erakusketa edo jarrera LGTBI+fobikoekin erlazionatuta dauden zigorren betekizuna ziurtatzea.
  • Sentsibilizaziorako, kontzientziaziorako eta baloreen hezkuntzarako programak bultzatzea, administrazio publiko guztiak, taldeak, klubak eta federazioak partaide izanik.
  • Generoaren araberako bereizketarekin amaitzea kirol eta kirol-kategoria guztietan.

'Zuen gorrotoa ez da gure zelaietan kabitzen' manifestua hemen irakurri dezakezue osorik.

 

Erlazionatuak

Zuen gorrotoa ez da gure zelaietan kabitzen

Erabiltzailearen aurpegia Ikusgune eta Miaukatuz 2020 ots 19 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide